Gizartea -
GIPUZKOA
Gizon bat atxilotu dute Errenterian, beste bati labanaz eraso egitea egotzita
Erasoa astearte arratsaldean jazo zen, Donostia kalean. Zauritua Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantzian. Atxilotuak, polizia-aurrekariekin, 30 urte ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du astearte honetan Errenterian (Gipuzkoa), beste gizon bat labanaz zauritzea egotzita. Atxilotuak 30 urte ditu, eta epailearen esku jarriko dute asteazken honetan. Antza denez, polizia-aurrekariak ditu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, erasoa 17:00ak aldera jazo zen, Errenteriako Donostia kalean.
Lekura hurbildu ziren ertzainek gizonezko bat topatu zuten kalean, aldakan odola zeriola. Antza denez, liskarra izan zuen atxilotuarekin, eta hark arma zuri batekin zauritu zuen. Bi gizonak aurretik ezagutzen ziren.
Handik gertu aurkitu zuten ustezko erasotzailea, eta atxilotu egin zuten. Halaber, labana bat ere topatu zuten.
Zauritua Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantzian.