Gizartea -
EITB DATA
Herrialde txikietan ohikoagoa da atzerriko hizkuntza bat hitz egitea
Europar Batasuneko hamar herrialde txikienetatik seitan, herritarren % 90etik gora gai da atzerriko hizkuntza bat hitz egiteko.
EITB MEDIA
Nazioartean pisu gutxi duen hizkuntza bat duten herrialdeek badute abantaila bat: atzerriko hizkuntzen ezagutza zabala. Norvegia, Suedia eta Herbehereekin gertatzen da. Atzerriko hizkuntza bat dakiten Europako herrialdeen buruan daude.
% 90ek baino gehiagok ama-hizkuntzaz gain, beren herrialdeetan ofiziala ez den hizkuntza bat ezagutzen dute. EBko herrialdeen arteko batezbestekoa % 75 da. EAE ( % 62) eta Nafarroa ( % 58) atzetik daude.
Tamaina txikiko herrialdeen adibidea bereziki aipagarria da. Esloveniaren, Baltikoko herrialdeen, Luxenburgoren edo Zipreren kasua da hori. % 91 eta % 96 bitartean atzerriko hizkuntza bat hitz egiten du leku horietan.
EBko hamar herrialde txikienetatik seitan, 10etik 9k atzerriko hizkuntza bat hitz egiten dute.
Hizkuntza propioa duten herrialdeak dira eta, erlatiboki, biztanle gutxiago dituzte. Kanpora begira tokia bilatzeak beste hizkuntza erabiliago bat ezagutzera eramaten ditu.
Ingelesa da nagusi, nahiz eta errusiarrak pisu handia mantentzen duen, beheranzko joeran, Sobietar Batasun zaharreko herrialdeetan.