Gizartea -
UPV/EHU
Itsasgunek itsas ikerketaren eta iraunkortasunaren abangoardian jarri du EHU
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHUk) 'Itsasgunea' inauguratu du, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautika eraikinean (Portugalete, Bizkaia) egoitza duen itsas ezagutza ikertzeko eta transmititzeko diziplina anitzeko gunea.
EITB Media
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHUk) 'Itsasgunea' inauguratu du, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautika eraikinean (Portugalete) egoitza duen itsas ezagutza ikertzeko eta transmititzeko diziplina anitzeko gunea.
Abangoardiako espazio hori sortzeko, Nautikako eraikina berritu dute, barneko eta kanpoko espazio berriak egokituz. 2022ko Estatu espainiarreko aurrekontu orokorrak onartzeko negoziazioetan hartutako akordio politikoari esker, 1.393.858,96 euro erabili dira proiektua gauzatzeko.
Itsasgunea proiektuarekin Nautikako eraikinak bost eraldaketa nagusi pairatu ditu. Lehena, Innoboat ikasgela sortzea. Gela horretan, ikasleak eta irakasleak elkarlanean arituko dira, nabigazioaren arloan erabil daitezkeen baliabide berriztagarrien erabileran oinarritutako sistema teknologikoak fabrikatzen. Halaber, Innoboatek finantziazio pribatua eta publikoa izango du, Bizkaiko Foru Aldundiak bezala, zeinak lehen prototipo nautikoan parte hartuko duela berretsi duen.
Gainera, Itsasgunea proiektuari esker, hidrotermia bidezko energia-sorkuntzako sistema berritzailea ezarri dute eraikinean. Era berean, ardatz horizontaleko zenbait aerosorgailu ere jarri dituzte, eta horiek beste energia-iturri iraunkor bihurtuko dira.
Beste esku-hartze batzuk ere egin dira proiektu honetan, itsasoko plastikoen degradazioa ikertzeko laborategia zabaltzea eta egokitzea, esaterako. Beheko solairuan, ekitaldi-areto publiko bat ere sortu.
Azkenik, Areto Nagusiko barrera arkitektoniko guztiak kendu dituzte pertsona guztientzako espazio irisgarri zabala sortuz.