Gizartea -
Gipuzkoa
Donostiako Udalak mugikorretik udal tramiteak egiteko app berria aurkeztu du
"Donostia Eskura" aplikazioak aukera emango du udal izapide ugari egiteko eta herritarren postontzian sartzeko, baita abian dauden espedienteei, tasei edo udal-zerbitzuei buruzko alertak edo jakinarazpenak jasotzeko ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donostiako Udalak "Donostia Eskura" izeneko app berria jarri du martxan. Donostiarrek Udalarekin duten "harreman digitala arintzea eta hobetzea" du helburu, Eneko Goia, Donostiako alkateak adierazi duenez.
Aplikazioaren bidez, udal-izapide ugari egin ahal izango dira; besteak beste, herritarren postontzira sartu eta aribideko espedienteei, tasei edo udal-zerbitzuei buruzko alertak jaso.
Gainera, app-ak aukera ematen du informazio-alertak jasotzeko, hala nola trafiko-eteteak, ur-eteteak edo babes zibileko alertak, baita zergen ordainketarekin lotutako beste informazio batzuk edo radar mugikorra egunean zehar kokatuko den eremu desberdinak ere.
"Donostia Eskura", Europako Next Generation funtsekin finantziatuta, 'Android' eta 'IOS' sistemetarako egongo da eskuragarri.
Ana Lopez Gobernantza Ireki, Digital eta Kolaboratiboko zinegotziak azaldu duenez, funtzionaltasun osoko profil pertsonalarekin jardun ahal izateko, beharrezkoa izango da 'B@KQ' ziurtagiri digitala izatea. Hala ere, funtzio batzuetara erregistro soil baten bidez sar daitezke.
Udalak Udalinfo-ren bulegoetan kudeatuko du ziurtagiri hori doan eskuratzea, eta beste administrazio batzuetan ere izapideak egiteko aukera ematen du, hala nola Eusko Jaurlaritzan edo Gipuzkoako Foru Aldundian.