Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
18 urteko mutil bat atxilotu dute Gasteizen, sexu-erasoa egotzita
Ondorengo orduetan eramango dute epailearen aurrera. Arratsaldean elkarretaratzea egin dute Ibailakua auzoan, erasoa salatzeko eta biktimari elkartasuna adierazteko.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 18 urteko mutil bat atxilotu du goizaldean Gasteizen, sexu-erasoa egotzita.
03:00ak aldera eman diote Ertzaintzari gertatutakoaren berri. Patruilak bertaratu direnean, emakumea artatu eta ustezko erasotzailea atxilotu, eta ertzain-etxera eraman dute, beharrezko izapideak egiteko.
Gaur bertan utziko dute Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku.
Elkarretaratzea
Albistearen berri izan eta handik gutxira, oharra kaleratu du Ibailakua auzo elkarteak, bertan izan baita erasoa, festak ospatzen ari diren gunetik gertu. "Bart eraso sexista bat izan da auzoan. Ibailakua auzo elkarteak ez du jasango horrelako jokabiderik, ez jaietan, ez auzoan ere. Zeharo gaitzesten dugu gertatutakoa. Oso egoera larria da eta ez dugu onartuko. Gure elkartasun eta babes beroena biktimari; edozertarako auzo elkartearen laguntza izango duzu. Aski da! Erasorik ez!" zioen oharrak.
17:30ean elkarretaratzea egin dute bertan, erasoa salatu eta biktimari elkartasuna adierazteko.
Garbiñe Ruiz Noriega Euskadiko Podemoseko idazkaritza feministako buruak X sare sozialean duen profilean salatu du erasoa, elkartasuna adierazi die biktimari eta haren senide eta lagunei, eta "kaleak, festak eta gauak ere gureak izatea nahi dugu" aldarrikatu du.