Gizartea -
SEGURTASUN DIGITALA
Adingabeen babes digitalerako lege-aurreproiektuak doako guraso-kontrola aurreikusten du gailu guztietan
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartu du ingurune digitalean ibiltzen diren adingabeak babesteko lege-aurreproiektua. Sistema hori lehenetsita agertuko da gailu guztietan, eta piztu ondoren konfiguratu ahal izango da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Teknologia lagun, ingurune digitalean ibiltzen diren adingabeak babesteko lege-aurreproiektua onartu du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak astearte honetan, batzuetan arriskutsua izan daiteke eta. Horren arabera, guraso-kontrola doakoa eta eskuragarria izan beharko da gailu teknologiko guztietan. Zehazki, mugikorretan, tabletetan, ordenagailuetan eta telebista adimendunetan ezarri beharko dute.
Halaber, esparru digitalean delituak gauzatzen dituztenentzat urruntze-agindu digitala aurreikusten du Ministroen Kontseiluak onartutako ekimenak, baita Zigor Kodea gaurkotzea ere. Hala, adimen artifiziala baliatuta eduki sexuala edo iraingarria duten irudi, bideo edo audio faltsuak irmo zigortu nahi ditu Espainiako Gobernuak.
Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak, aurreproiektuak aurreikusten dituen lege-erreformak zehaztu ditu prentsaurrekoan, hala nola zigorrak larriagotzea (arau-hausleak nortasun faltsuak erabiltzen dituenean) eta sare sozialetan 14 urtetik 16 urtera igotzea datu pertsonalak tratatzeko baimena.
Era berean, uda ostean onartuko den legeak beste neurri batzuk ere aurreikusten ditu, hala nola ingurune digitaletan adingabeen eskubideak bermatzea eta haurrak zein gazteak babesteko Estatu mailako estrategia orokorra garatzea.
Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu dutenez, sistema hori lehenetsita agertuko da gailu guztietan, eta piztu ondoren konfiguratu ahal izango da.
Halaber, eduki digitalen etiketatzea jasoko da, hizkuntza eskuragarriarekin, eta ohartarazpenak gehituko dira, adingabeentzat egokia ez bada. Era berean, hezkuntzaren arloan, alfabetatze digitalerako plan bat jasoko du, gazte zein nerabeak tresna eta gailu teknologikoak euren kabuz erabiltzeko gai izan daitezen, segurtasunez betiere.
Lege-aurreproiektu horrekin batera, ingurune digitalak adingabeengan duen eraginari buruzko diagnostiko bat egingo du Gazteria eta Haurtzaro Ministerioak, 50 adituk osatutako taldearen ekarpenekin.
Gauzak horrela, taldeak ekainaren 20an aurkeztuko du txostena ministroen osoko bilkuran, eta, ondoren, jendaurrean zabalduko dituzte emaitzak, adingabeak ingurune digitalean babesteko estrategia neurri zehatzekin lantzeko asmoz.