Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Indarkeria matxistaren biktimentzako doako arreta juridikoa haurrei eta desgaitasuna dutenei ere zabaldu zaie
Eusko Jaurlaritzak bermatu nahi du biktimek informazioa eta laguntza juridiko espezializatua jasoko dutela.
EiTB Media
Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei Euskal Autonomia Erkidegoan ematen zaien doako arreta juridikoa adin txikikoei eta desgaitasuna dutenei zabaldu diela iragarri du Eusko Jaurlaritzak.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako jarduneko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Maite Morillo Abokatutzaren Euskal Kontseiluko lehendakariak hitzarmena sinatu dute gaur Lakuan, indarkeria matxistaren biktima diren pertsonei doako laguntza juridikoa zabaltzeko.
Gauzak horrela, arreta eremua zabalduko da, eta emakumearen aurkako indarkeriaren, familia barruko indarkeriaren eta sexu askatasunaren aurkako delituen biktima diren pertsona guztiei laguntza emango zaie.
Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, haur eta nerabeak ez ezik, desgaitasuna duten pertsonak ere sartuko dira, eta "babes berezia emango zaie, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eskaintzen zaienaren antzekoa".
Biktimek informazioa eta laguntza juridiko espezializatua jasoko dutela ziurtatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, beraien eskura dauden tresna juridikoak ezagutu ditzaten eta salaketa aurkezteak dituen ondorioez jabetu daitezen.
Bestalde, biktima horiei arreta ematen dieten profesionalen berariazko prestakuntza bermatuko du Jaurlaritzak.