Gizartea -
Istripua
47 urteko gizon bat hil da Pirinioetan arroila jaitsiera egiten ari zela, 35 metrotik behera jausita
Zendutakoa Donostian bizi zen, baina sortzez Madrilgoa zen. Siako arroilan (Huesca) rappela ari zen egiten atzo, argitu gabeko arrazoiak tarteko erorikoa izan izan zuenean.
Agentziak| EITB Meda
47 urteko gizonezko bat, Donostiako bizilaguna baina sortzez madrildarra, zendu zen atzo Pirinioetan arroila jaitsiera egiten ari zela 35 metrotik behera erorita, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Zendutakoa polizia nazionala zen, duela urtebete Donostiara bidali zuten lanera. Aurrez Jakan (Huesca) egon zen urte luzez, eta han zaletu omen zen mendi kiroletara.
Hildakoa Siako arroilan (Yesero udalerria, Huesca) kirol hori praktikatzen ari zen, beste taldekide batzuekin batera. Uneren batean eta argitu gabeko arrazoiak tarteko, rappel bat egin eta 35 metroko altueratik jausi zen.
Hain justu, berarekin batera zihoan beste pertsona batek eman zien abisua larrialdi zerbitzuei, 17:24 zirenean.
Gizona konorterik gabe geratu zen arroken artean, eta mendi dibisioko agenteak heldu zirenerako hilda zegoen.
Hilotza helikopteroan eraman zuten Aragoiko Auzitegi Medikuntzako Institutura, Huescara, eta bertan egingo diote autopsia.