Gizartea -
Bilbo
Begoñako basilikan indusketa arkeologikoak egingo dituzte Burdin Aroko herrixka baten aztarnak topatzeko
Proiektu arkeologikoak "ikerketarako laborategi" bihurtuko du Andramariko eliza. Lau fasetan egingo dute lan, tenplua itxi gabe. Adituek uste dute azpian Erromatarren aurreko herrixka indigena baten aztarnak egon daitezkeela, "Irulegiko eskua"ren garaikoak.
E. G. | EITB Media
"Ikerketa arkeologikorako laborategi" bilakatuko da aurki Begoñako basilika (Bilbo) uste baita lurpean Burdin Aroko (Erromatar Garai aurrekoa, beraz) herrixka indigena baten aztarnak dagoela, Vecunia izenekoa. Hiribilduaren lehenengo populazio kokagunea litzateke.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Joseba Segura Bilboko gotzainak gaur aurkeztu dute "Begoña-Vecunia" proiektu arkeologikoa. Egitasmoak tenpluaren 1100 metro koadroak eta inguruko eremua induskatzea ekarriko du. 12 hilabeteko lana aurreikusi dute eta milioi bat euro pasatxoko aurrekontua. Lanek dirauten tarte guztian, eliza zabalik egongo da (sarbideak mugatuta izango ditu, hori bai). Lehen zundaketak uda baino lehen abiatuko dituzte.
Esku hartze arkitektonikoa lau fase eta zonatan egingo dute —eskuineko alboko nabe, ezkerrekoa, aldarearen eremua eta erdiko zatia— eta 10 arkeologok eta hainbat laguntzailek osatutako lantaldeak gidatuko du. Behin indusketa lanak amaituta, aurkikuntzak estaliko dituzte, baina lurpeko kripta moduko bat sortuko dute, ikertzaileek bertara joateko aukera izan dezaten. "Aukera gutxi" egon arren, topatutakoak "erakargarriak eta ikusgarriak" badira, kripta bisitatu ahal izateko moduan egokituko dute.
Duela milurteko bateko Begoñaren (Vecunia) bila
Bilatuko duten herrixka "Irulegiren eskua"ren garaikoa da, Alberto Santana historialari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko buruak aurkezpenean esan duenez. "Baskoiak topatu nahian ari gara", argitu du.
"Indusketa handia" eta "proiektu anbiziotsua". Hitzok erabili ditu aditu bilbotarrak egitasmoa azaltzeko, eta erantsi du "gogo handiz" ari dela lantalde osoa lanean. Halaber, azaldu du basilika barruko indusketak amaitutakoan, eraikinaren ingurua ere ikertuko dutela. "Erraietaraino iritsiko gara", agindu du.
Proiektuak sortzen dion emozioa ezin ezkutatuta, zenbait xehetasun ere aurreratu ditu: ehunka hilobi izango dituen 500 urte inguruko hilerri bat, Bilbo sortu aurreko eliza txiki erromaniko bat edota duela 1000-1100 urteko eliza prerromanikoa. Horiek dira, besteak beste, indusketa hauetan aurkitzea espero dituztenak. "Hortik aurrera, terra ignota, lur ezezaguna, ez dakigu zerekin egingo dugun topo".
Ikerlariek jakin badakite Begoñako Andramari gotiko berantiarreko elizaren azpian (1511koa da) beste tenplu erromaniko bat zegoela, eta eliza hori X. mendeko edo aurreragoko Goi Erdi Aroko eraikin baten gainean zegoela. Dena dela, 2003ko aurkikuntza batek basilikaren lurpean are aztarna zaharragoak egon zitezkeela iradoki zuen. Loiun (Bizkaia) haitz batean zizelkatutako inskripzio bat topatu zuen Mikel Unzueta arkeologoak: "VECVNIENSES HOC MVNIERVNT", euskaraz "Hau (lana) auzokoek —Vecuniarrek— egin/eraiki/ordaindu zuten". I-II. mendeko Erromatarren garaiko obra publiko baten inaugurazioari eskainitako epigrafea zen; vecuniarrek, hots, Begoñako antzinako auzotarrek, eginda omen zen.
Santanaren esanetan, vecuniarrek "Bizkaiko lehen lan publiko dokumentatuak egin zituzten, baita Euskal Herriko antzinakoenak ere".
Uste da Vecuniako biztanleek (Artagan muinoaren bizkarrean, Erdi Arotik Begoña gisa ezagutzen dugunaren antzinako toponimoa) Erromatarren garaiaren aurreko herri indigena osatzen zutela, eta baliteke Erromatarren garaiko Vecunia hiri azpian Burdinaren Bigarren Aroko kastroa edo herrixka indigena harresitua egotea. "Begoña-Vecunia" proiektu arkeologikoak, bada, Begoñako kokagunearen eta populazioaren bilakaeraren lan osoa eskuratu nahi du. Adituen ustez, ziurrenik, 1.000 urte baino gehiagoko historia du atzean, eta hala ez bada, sikiera 500 urtekoa.
Ildo beretik, proiektuaren garrantzian jarri du azpimarra Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ere. Haren iritzian, "sustraiak" eta "nortasuna" hobeto ezagutzeko "erradiografia paregabea" erakutsiko dute indusketek. "Erradiografia paregabea eman diezaguke Bizkaiko leku adierazgarrienetako bati buruz. Leiho bat irekiko dugu iraganera, gure sustraiak eta bizkaitar nortasuna hobeto ezagutzeko".