Gizartea -
Gipuzkoa
Donostian drone bat baimenik gabe erabiltzeak 225.000 eurorainoko zigorrak ekar ditzake
Udala kezkatuta azaldu da "inolako baimenik gabe" dabiltzan droneen ugaritzea dela eta, eta horrek ekarri ditzakeen zigorrak gogorarazi ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donostiako Udalak bere kezka adierazi du hirian "inolako baimenik gabe" erabiltzen diren droneak dabiltzalako. Gogorarazi duenez, Aire Segurtasuneko Estatu Agentziak ezarritako zigorra 60 eurotik 225.000 eurora bitartekoa izan daiteke.
Martin Ibabe Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotziak ostegun honetan zehaztu duenez, Donostiako Udalak baimenen 46 eskaera kudeatu zituen 2023an, eta Udaltzaingoak baimenik gabeko 10 jarduera atzeman zituen.
Ibabe kezkatuta agertu da gailu horiek ugaritu egin direlako; izan ere, jakinarazi gabeko droneen 20 hegaldi atzeman dira hilabetean, "inolako kontrolik edo baimenik gabe".
Urgull eta Ulia mendiak eta hiriko hiru hondartzak dira, batik bat, begiztatze horiek atzeman diren lekuak, eta Udaltzaingoa horien jarraipena egiten ari da.
Zinegotziak gogorarazi duenez, arduradunek "garrantzi handiko" zigorrei egin beharko diete aurre: 60 eurotik 225.000 eurora, aisialdirako hegaldia bada, eta 4.500 eurotik 225.000 eurora, irudiak erabilera profesionalerako badira.
Zinegotziak gogorarazi du Donostian beharrezkoa dela drone bat erabiltzeko baimena lortzea, bai aisialdirako, bai grabazio komertziala egiteko.