Gizartea -
Tragedia Atlantikoan
51 pertsona desagertuta eta bederatzi baino ez bizirik, Hierrotik gertu ontzi bat hondoratu ondoren
Kaiukoa duela bederatzi egun abiatu zen Senegaldik, eta petrolio-ontzi batek ikusi du goizeko lehen orduan. Paterak bi egun zeramatzan iraulita. Azken orduetan 267 pertsona migratzaile iritsi dira Kanarietara.
Agentziak | EITB Media
Saharaz hegoaldeko 51 pertsona desagertu dira Atlantikoan, ontzi bat iraulita. Merkantzia ontzi batek aurkitu ditu, Hierrotik 110 kilometrora, eta bizirik atera diren bederatzi pertsona bakarrik erreskatatu ditu Itsas Salbamenduko helikoptero batek.
Kaiukoa Beskidy petrolio-ontziak ikusi du goizeko lehen orduan, eta irratiz ohartarazi du erdi hondoratuta zegoela. Hori dela eta, berehala Tenerifeko erreskate-helikoptero, Hierroko Salvamar eta Guardia Zibilaren patruila bat bidali dituzte.
Helimer 206 helikopteroak 09:35 aldera jaso ditu ontzian geratzen ziren bederatzi pertsonak, hondoratuta zegoen paterari ahal zuten moduan helduta. Brankaren zati bat eta txopan zegoen gaztelu moduko bat baino ez ziren ateratzen uretatik.
Larrialdi zerbitzuetako iturriek jakitera eman dutenez, bizirik atera diren pertsonek Helimerreko erreskatatzaileei azaldu diete, lehenik, eta lehorreko sorosleei, ondoren, bi egun zeramatzatela horrela.
Hierroko aireportuan lehen arreta jasotzen ari zirela kontatu dutenaren arabera, kaiukoa duela bederatzi egun atera zen Kanariar Uharteetara 60 pertsona zeramatzala M'Bourretik (Senegal), El Hierrotik 1.500 kilometro ingurura, eta zazpigarren egunean irauli egin zen.
Bizirik atera direnak, gizonak guztiak, ur gainean geratu, kaiukoari buelta eman eta berriro igotzea lortu zuten bakarrak dira. Erreskatatutako bederatzi pertsonak Los Reyes ospitalera (Valverde) eraman eta bertan artatu dituzte, zauri arinengatik, deshidratazioarekin eta sabeleko minekin lotuta kasu gehienetan, larrialdietako bozeramaile batek zehaztu duenez.
Azken orduetan 267 pertsona migratzaile iritsi dira Kanarietara, Larrialdietarako eta Segurtasunerako Koordinazio Zentroak (Cecoes), Gurutze Gorriak eta Itsas Salbamenduak emandako datuen arabera.
Igande arratsaldean, Arguineguingo kaira, Moganera (Kanaria Handia), heldu ziren 147 pertsona zeramatzaten bi kaiuko. Horietako 21 zauri arinekin eraman zituzten hainbat ospitaletara, tartean hiru haurtxo.
Era berean, goizaldean, Alpheratz ontziko tripulazioak Los Cristianosetik gertu zegoen patera bat lagundu du Tenerife uhartean, Saharaz hegoaldeko 111 pertsonarekin, tartean lau emakume. Lehorrean zeudela, horietako lau osasun-zentro batera eraman behar izan dituzte.