Gizartea -
FENOMENO METEOROLOGIKOAK
Amaitu da haizeagatik ezarritako abisu horia
Euskalmeteko estazio meteorologikoek 100 km/h-tik gorako haize-ufadak neurtu dituzte Jaizkibelen, Zaldiaranen, Matxitxakon eta Oizen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak amaitutzat eman du, larunbateko 18:30ean, haizeguneetan haizeagatik ezarritako abisu horia, eta 21:00ak arte mantendu du baso-suteen arriskuagatik ezarritako abisu horia, hego-haizearen intentsitate eta tenperatura altuak direla eta, badaezpada ere, baina ordu horretan bertan behera utzi du abisu hori ere.
Euskalmeteko estazio meteorologikoek 100 km/h-tik gorako haize-ufadak neurtu dituzte gaur Jaizkibelen, Zaldiaranen, Matxitxakon eta Oizen.
Igandean, iparraldeko tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira, eta 18 eta 20 ºC artean geratuko dira Euskal Herri osoan. Tenperatura minimoek ere behera egingo dute, Ebro ibarrean izan ezik, baina gutxi.
Egunaren hasieratik egongo da zerua hodeitsu, baina egunaren lehenengo zatian ateri eutsiko dio ziurrenik. Eguerditik aurrera, euritara joko du; zaparradak botako ditu noizbehinka, eta baliteke trumoi-ekaitzak ere izatea.
Egunaren hasieran, hego-haizea ibiliko da, eta iparraldera aldatuz joango da gero, kostaldetik hasita.