Gizartea -
Nafarroa
Tiroketa batek zauritu larri bat eta atxilotu bat utzi ditu Zizur Nagusian
Tiroketa udalerriko Santa Cruz plazan gertatu da, 20:30 aldera. Zauritu larria Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan dute. Lehen hipotesien arabera, baliteke kontu-garbitze bat izatea.
EITB Media
Gizon bat atxilotu dute gaur Zizur Nagusian (Nafarroa), tiroketa batean beste gizon bat larri zauritu ostean, polizia-iturriek jakitera eman dutenez. Tiroketa herriko Santa Cruz plazan gertatu da, 20:30 aldera.
Zizur Nagusiko Udaltzaingoko eta Foruzaingoko agenteek gizon bat atxilotu dute, errebolber batekin tiro egin eta beste gizonezko bat larri zauritu duelakoan. Biktima Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan dute, polizia-iturriek zehaztu dutenez.
Osasun-zentro berdinera eraman dute atxilotua ere, eta sendagiria jaso bezain laster, polizia-etxera eramango dute, eta ondoren epailearen esku utziko dute.
Iruñetik gertu dagoen udalerri horretako plaza inguruan zeuden pertsonek Udaltzaingoari deitu diote tiroketaren berri emateko. Une horretatik aurrera, larrialdi zerbitzuetako hainbat baliabide mobilizatu dira, eta foruzainak eta osasun-langileak bertaratu dira.
Ingurua hesitu dute, eta polizia judizialeko agenteak bertan daude, ikerketa-lanak egiten. Lehen hipotesien arabera, baliteke kontu-garbitze bat izatea.