Gizartea -
Drogen aurkako operazioa
Lau pertsona atxilotu eta zazpi kilo droga atzeman dituzte Donostian eta Astigarragan
Operazioa joan den asteazkenean amaitu zen. Ertzainek susmagarrietako hiru atxilotu zituzten Donostian. Laugarren atxiloketa handik gutxira egin zuten, Astigarragan.
EITB Media
Ertzaintzak droga-trafiko sare bat desegin dute Gipuzkoan. Operazioan bi kilo kokaina, hiru kilo marihuana, beste bi kilo haxix eta 45 gramo anfetamina atzeman dituzte. Ondorioz, lau pertsona atxilotu dituzte.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, operazioa Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak egindako lanaren eta jarraipenen emaitza da. Aipatutako substantzia estupefazienteez gain, dirua, baskulak eta "droga-trafikatzaileek erabili ohi duten" materiala ere atzeman ditu Ertzaintzak.
Ikerketa joan den asteazkenean amaitu zen, eta ertzainek susmagarrietako hiru atxilotu zituzten Donostian, kokaina pakete bat trukatu zutela ikusi ondoren.
Laugarren atxiloketa handik gutxira egin zuten, Astigarragan (Gipuzkoa), beste pertsona batek droga banaketan parte hartu zuela egiaztatu ondoren.
Lau atxilotuak, 31 eta 51 urte bitartekoak, ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko eginbideak betetzeko.
Garaje eta trastelekuetan egindako miaketetan beste kilo bat kokaina, hiru marihuana kilo, bi kilo haxix eta 45 gramo anfetamina atzeman zituzten, baita dirua, baskulak, bilgarriak eta estupefazienteen trafikoan erabili ohi diren beste gauza batzuk ere.