Gizartea -
Migrazioa
Lau migratzaile topatu dituzte kamioi baten atzealdean ezkutatuta, Irunen
Bi afganiarrak eta bi pakistandarrak olana moztuta sartu ziren kamioian, Serbia eta Irun arteko ibilbidearen punturen batean.
agentziak | eitb media
Lau pertsona migratzaile, bi afganistandar eta bi pakistandar, aurkitu dituzte Irunen (Gipuzkoa) muga igaro berri zuen kamioi baten atzealdean ezkutatuta, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.
Atzo, 13:50 aldera, izan zuten guardia zibilek gertakariaren berri. Serbiatik Gasteizera zihoan kamioi-gidariak muga igaro eta geldialdia egin zuen ZAISA eremu logistikoan, Irunen. Han zegoela, gidariak zaratak entzun zituen kamioiaren atzealdean, eta lau pertsona aurkitu zituen bertan, zeramatzan gurpilen artean ezkutatuta. Egoeraz jabetuta, kamioizaleak Guardia Zibilari eman zion abisua.
Kamioia Serbiatik abiatu, eta Kroazia, Italia eta Frantzia igarota, Irunera iritsi zen. Oraindik ez dute argitu ibilbidearen zein puntutan sartu ziren migratzaileak kamioian, baina olana apurtu zuten horretarako.
Lekuan bertan artatu ostean, bidaiarietako bat Bidasoko Ospitalera eraman zuten, baina ordu batzuetara jaso zuen senda-agiria.
Lau migratzaileak Guardia Zibilaren kuartelera eraman dituzte identifikatzera eta dagozkien izapideak betetzera.