Gizartea -

Ordu aldaketa

Martxoaren 30etik 31rako gauean iritsiko da udako ordutegia

Lo egiteko ordubete gutxiago izango dugu, eta beranduago argitu eta ilunduko du eguna. Udaberria iristean, bestalde, 3 bat minutu luzatuko dira egunak: minutu eta erdi goizago argitu eta minutu eta erdi beranduago ilunduko du eguna.

Hirurak hogei gutxi. Erabilera librea duen irudia
Hirurak hogei gutxi
Hirurak hogei gutxi. Erabilera librea duen irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 30etik 31rako gauerdian bukatuko da neguko ordutegia. Ordulariak ordubete aurreratu beharko dira orduan (02:00etan 03:00ak izango dira), udako ordutegiari hasiera emanez (urriaren 27ra arte).

Lo egiteko ordubete gutxiago izango dugu, eta beranduago argitu eta ilunduko du eguna. Udaberria iristean, bestalde, 3 bat minutu luzatuko dira egunak: minutu eta erdi goizago argitu eta minutu eta erdi beranduago ilunduko du eguna.

Energia aurrezpena

Ordu aldaketaren Europako zuzentarauari jarraikiz, EBko estatu guztietan aplikatuko da ordu aldaketa, energia aurrezteko, neurri horren eraginkortasunak sortu dituen zalantzak gorabehera.

IDAE Energia aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Espainiako Institutuak egindako kalkuluen arabera, 300 milioi euro aurreztuko dira Espainiako Estatuan argindarrean, % 5. Horietako 90 milioi Espainiako Estatuko etxeetan aurreztuko dira (etxe bakoitzean 6 euro, gutxi gorabehera), eta gainerako 210 milioiak, beste eraikin batzuetan zein industrian.

Alabaina, iturri berberak zehaztu du horrekin lotutako txosten berriena 2015ekoa dela, eta, beraz, gaur-gaurkoz ez dagoela frogatuta ordu aldaketak energia aurreztea bermatzen duenik.

Ordu aldaketak, noiz arte?

2018an ekin zion Europar Batasunak ordu aldaketaren gaineko eztabaidari. Orduan, Europako Batzordeak herri galdeketa egin zuen, herritarrei ordu aldaketa egiteari uzteko proposamenaz galdetzeko —% 80 alde agertu ziren—.

Emaitza horiek oinarri, Finlandiaren ekimenez, Batzordeak proposatu zuen 2019ko martxokoa izatea azken ordu aldaketa, baina adostasun eza gailendu zen orduko hartan.

Gainera, nahiz eta Europako Batzordea alde agertu, aurtengo martxoan Europako Parlamentuko Garraio eta Turismo Batzordeak atzeratu egin zuen ordu aldaketaren behin betiko bukaera, estatuek denbora gehiago izan dezaten udako edo neguko ordutegiaren artean erabakitzeko.

1974an orokortu zen ordu aldaketa, petrolioaren lehen krisiaren ondotik. Zenbait herrialdek ordulariak aurreratzea erabaki zuten orduan, eguzki argia hobeto aprobetxatze aldera, eta argindar gutxiago kontsumitzeko helburuarekin. 1981ean egin zen ofizial ordu aldaketa.

Europan piztutako eztabaida gorabehera, gutxienez 2026ra arte jarraituko dute indarrean ordu aldaketek, dela neguko ordutegiari dagokion aldaketa (urriko azken igandean egin ohi da) dela udakoari dagokiona (martxoko azken igandean egin ohi da).

 

 

   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Udaberria Ordu aldaketa Uda