Gizartea -
MAREA BIZIAK
Itsasadarrak gainezka egin du berriro Erandion, baina kalte handirik sortu gabe
Goizaldeko itsasgoraren ondorioz, itsasadarrak gainezka egin du eta trafikoa San Antonio kaletik bideratu behar izan dute. Hurrengo itsasgora 18:12an izango da.
EITB MEDIA
Itsasadarrak berriro ere gainezka egin du gaur goizaldean Erandion eta Zorrotzaurren, baina atzo baino gutxiago, eta ez du arazo handiegirik sortu.
Goizaldeko itsasgoraren (05:50ean) ondorioz, itsasadarrak gainezka egin du eta ura Obieta eta Jado kaleetan sartu da. Hori dela eta, trafikoa San Antonio kaletik bideratu behar izan dute.
Eguneko bigarren itsasgora 18:12an izango da.
Igandetik astelehenerako goizaldean ere itsasadarrak gainezka egin zuen, eta, ondorioz, zenbait etxabe, denda eta garaje urak hartu zituen Altzaga erdialdeko kale jakin batzuetan.
Atzo, Erandioko Udalak krisi mahaia aktibatu zuen eta oraindik ere indarrean dago. Besteak beste, zakuak banatu zituzten atarietan jartzeko.
Inguruko bizilagunek salatu dutenez, Zorrotzaurreko lanak hasi zituztenetik lau aldiz egin du gainezka itsasadarrak denbora gutxian.