Gizartea -

ALACANT

Hiru hildako, tartean adingabe bat, Villajoyosako etxebizitza eraikin batean izandako sutean

Emakume bat, bere semea, eta horren 5 urteko semea dira hildakoak. Sutea goizaldeko ordu biak aldera piztu da, eta 15 pertsona artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik.

0:40

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona, tartean adingabe bat, hil dira eta beste 15 kea arnasteagatik artatu behar izan dituzte Villajoyosako (Alacant) etxebizitza eraikin batean izandako sute batean.

Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, 2:15ean jaso dute sutearen abisua. Marineros etorbideko etxebizitza batean piztu da sua, 24 solairuko eraikin baten 11. pisuan.

Amona, semea eta 5 urteko biloba, txakurrari besarkatuta aurkitu dutena, dira hildakoak, eta osasun zerbitzuek 15 pertsona artatu dituzte kea arnasteagatik: 24 eta 67 urte arteko zazpi emakume, eta 13 eta 57 urteko zortzi gizonezko.

Artatutakoetako bat polizia da, eta gainerako 14ak Marina Baixa ospitalera eraman dituzte.

Suteak ke eta gar handiak eragin ditu, eta bertaratu diren guardia zibilek, udaltzainek, suhiltzaileek eta osasun zerbitzuek 120 pertsona atera dituzte euren etxeetatik. 03:45erako sutea guztiz itzalita zegoen.

Hildakoen gorpuak 9:30 aldera eraman dituzte, epailearen aginduz, autopsia egitera, eta Valentziatik iritsitako ikertzaileak sutea zerk eragin duen aztertzen ari dira.

Toni Perez Alacanteko Aldundiko eta Suhiltzaileen Lurralde Partzuergoko presidentea goizean goiz iritsi da eraikinera, eta "erabateko atsekabea" agertu du gertatutakoagatik.

Perezek azpimarratu du sutea piztu zen orduan eta zegoen mendebaldeko haize gogorrarekin, are okerragoa izan zitekeela gertakaria; horregatik, txalotu egin du suhiltzaileen "azkartasuna".

Villajoyosako Udalak hiru dolu egun ofizial ezarri ditu hildako hiru pertsonen omenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak gaur Espainia gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sua amatatzeko lanen azken ordukoa Alacant gaur