Gizartea -
Istripu larria Nafarroan
22 urteko gazte bat hil eta 24 urteko beste bat larri zauritu da aurrez aurreko talka batean, Erriberrin
Hiru ibilgailuk izan dute ezbeharra, 19:18 aldera, N-121 errepidean. Hiru zauritu ospitalera eraman dituzte, tartean larri dagoen 24 urteko gaztea.
EITB Media
Pertsona bat hil da eta hiru zauritu, horietako bat larri, ostegun honetan N-121 errepidean, Erriberrin (Nafarroa), hiru ibilgailuren artean izandako istripu batean. Zehazki, 22 urteko gazte bat hil da eta 24 urteko beste bat larri zauritu.
Ezbeharra 19:18 aldera gertatu da, N-121 errepideko 42. kilometroan, Foruzaingoak jakitera eman duenez, zaurituak ospitalera eraman dituzte eta zirkulazioa Erriberriko bigarren errepidetik bideratu dute.
N-121 errepidetik kontrako noranzkoan zihoazen bi ibilgailuk aurrez aurreko talka egin dute, eta, ondoren, hirugarren ibilgailu batek lehenengoekin talka egin du, Foru Gobernutik jakinarazi dutenez.
Larrialdietako zerbitzuek ezin izan dute ezer egin 22 urteko gizonezkoa salbatzeko, eta bertan hil egin da. Larri zauritutako 24 urteko gizonezkoa, berriz, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute anbulantzian, garezurreko eta sabelaldeko traumatismoarekin.
Tafallako Foruzaingoa, Iruñeko Trafikoa eta Tuterako eta Iruñeko argiketa zerbitzuak bertaratu dira, baita suhiltzaileak eta anbulantzia bat ere.