Gizartea -

EUSKARAREN DEKRETUA

Hizkuntza eskakizunen sistema berria: ziurtagiria lortzeko bide berriak eta mailak

Euskara profilak ziurtatzeko modu berriak ezartzen dituen dekretua prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Zenbait berritasun ekarriko ditu arlo publikoan lan egiteko hizkuntz eskakizunei dagokienez.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berriak hizkuntza eskakizunak esleitzeko sistemaren orain arteko eskema aldatu egingo du. Hemendik aurrera, hiru eskakizun mota egongo dira: simetrikoa, asimetrikoa eta partziala. Lanpostuaren ezaugarrien eta errealitate soziolinguistikoaren arabera erabakiko du dagokion erakundeak postu bakoitzari zein eskakizun ezarri. Jendaurreko jardunean arreta berezia jarriko da.

Simetrikoa orain arte ezagutzen den eskakizun eredua izango da: ahozko zein idatzizko gaitasun maila bera beharko da proba gainditu eta ziurtagiria eskuratzeko.

Asimetrikoa deituriko hizkuntza-eskakizuna da dekretuaren berritasun nagusienetako bat. Kasu horretan, bereizi egingo dira ahozko eta idatzizko mailak, eta lanpostu jakin batzuetan posible izango da ahozkoan maila bat exijitzea, eta idatzizkoan, beste bat. Bereziki, jendaurrean aritzen diren zenbait lanpostuetarako diseinatutako profila da.

Eskakizunen taulara gehitu duten hirugarren aukera partziala deiturikoa da. Aniztasun funtzional zehatz bat duten langileei egokituko zaie eskakizun hau.

Bi bide berri

Bestalde, lanpostu publiko baterako hizkuntza eskakizuna eskuratzeko beste bi bide gehiago egongo dira aurrerantzean: batetik, euskara maila egiaztatzeko aukera izango da lan-eskaintza publiko batean azterketa euskaraz eginda. Gaindituz gero, mailari dagokion akreditazio ofiziala eskuratuko da betirako. Bestetik, lanpostuan "euskara modu frogagarrian" erabili duen langileak ere eskakizuna eskuratzeko aukera izango du, horretarako ezarriko diren baldintzak beteta.

Gizartearen aniztasunari erantzutera datorren araua dela esan du Eusko Jaurlaritzak, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoetara egokituko dena. Atxikimenduarekin dagoen arazoa gainditu, eta euskara zigor eta oztopo bezala ez ikustea lortu nahi da. Erabileran eragitea da helburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Eusko Jaurlaritza berriak Funtzionarioak bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Enplegu Eskaintzak 2024