Gizartea -

Epaiketa

Hilketa saiakera egotzita, 10 urtera igo diote kartzela-zigorra Nelson Davidi

Hasiera batean, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak gizon bat jipoitu eta itotzen saiatzeagatik zigortu zuen akusatua, eta zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion, homizidio saiakera delitua egotzita.

Kondenatutako gizona, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA
Kondenatutako gizona, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA
Kondenatutako gizona, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kartzela-zigorra 10 urtera igo dio EAEko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) Nelson Davidi, hilketa saiakera delitua egotzita. Pertsona homosexualentzako ziten aplikazio baten bidez berarekin gelditu zen gizona jipoitu eta itotzen saiatzeagatik kondenatuta dago gizona.

Duela hiru hilabete, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zion gizonari, homizidio saiakera delituagatik; EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, baietsi egin du Gehituk, Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Trans, Bisexual eta Intersexualen elkarteak, jarritako errekurtsoa, herri akusazio gisa aurkeztu baitzen auzian. Horrela, akusatua hilketa saiakeragatik zigortu du auzitegiak, eta 10 urteko kartzela-zigorra ezarri dio.

Nolanahi ere, Gehituk adierazi du epaia Auzitegi Gorenera eramatea aztertzen ari dela, erasoa sexu diskriminazioagatik egin izana astungarritzat hartzeko eskatzen baitu.

Epaiketa joan den urrian egin zuten, baina kondenatutako gizona 2022ko maiatzean espetxeratu zuten, Irunen (Gipuzkoa) atxilotuta. Izan ere, bere borondatez aurkeztu zuen bere burua Ertzaintzaren komisaria baiten, aplikazio baten bidez ezagutzen zituen gizon batzuk hil izanaren susmoa zuela jakin ondoren.

Epaiketan, jakitera eman zuten Ertzaintzak zazpi homizidiorekin eta beste saiakera batekin lotzen duela gizona.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI EAEko Justizia Auzitegi Nagusia