Gizartea -

Alerta meteorologikoak

Neurriak hartzen hasi dira kostaldeko herrietan, marea biziak eta bost metrorainoko olatuak espero direla eta

Bilbon eta Irunen, lur-zakuak jarri dituzte marea biziek itsasgorarekin bat egitean gainezka egin dezaketelako ibaiek. Donostian, itsas pasealekuak itxi dituzte olatu handien alertaren aurrean.

Olatuak Donostiako Paseo Berrian. EFEren artxiboko irudia.
Olatuak Donostiako Paseo Berrian. EFEren artxiboko irudia.
Olatuak Donostiako Paseo Berrian. EFEren artxiboko irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hainbat abisu hori aktibatuko ditu larunbat honetan itsasaldeko arriskuagatik eta haizeagatik, eta alerta laranja bat igandean, 5 metrorainoko olatuengatik eta kostaldeko lehen lerroan urak gainezka egin dezakeelako. Hori dela eta, kostaldeko hainbat herritan neurriak hartzen hasi dira jada.

Bilbon, esaterako, itsasadarraren inguruan tentuz ibiltzeko eskatu die Udalak herritarrei, astebururako abisua dagoelako marea biziak espero baitira, eta horrek, haizearen indarrarekin eta norabidearekin batera, itsasgoran, 04:00ak eta 05:00ak bitartean, ibaiak gainezka egitea eragin baitezake.

Horregatik, Bilboko Udalak kontingente bat aurreikusi du, eta garbiketako langileek lur-zakuak jarri dituzte Elorrietako bihurgunean, Deustuko Erriberan (Zorrotzaurre) eta Olabeagan.

Irungo Udalak ere, dispositibo bat izango du martxan asteburu honetan, Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskua baitago Gal Stadium eta Behobia inguruetako bidegorri zati batzuetan, eta lur-zakuak jarri dituzte bertan.

Udaltzaingoak egoeraren bilakaera jarraituko du etengabe, herritarren segurtasuna une oro bermatuta izateko erabakiak hartzeko asmoz.

Bestalde, Donostiako Udalaren aginduz, asteburuan itxita egongo dira hiriko kostaldeko pasealeku nagusiak, olatuek kostaldean izan dezaketen eragina dela-eta alerta laranja ezarriko baitute.

Udalak zehaztu duenez, Pasealeku Berria itxita dago jada ibilgailuentzat, eta oinezkoei tentuz ibiltzeko gomendatzen zaie.

Hala ere, ostiral gaueko hamarretatik aurrera, pasealekua ibilgailuentzat zein oinezkoentzat itxiko dute, bai eta Leizaola pasealekua (Zurriolako kai-muturra) eta Haizearen Orrazia ere. Neurri horiek asteburu osoan egongo dira indarrean.

Segurtasun Sailak gomendatu du olatuek jotzen duten lekuetara (arroka, kai-mutur eta kaiak) ez hurbiltzeko, eta itsas pasealeku edo itsaslabarretatik aldentzeko. Ohar batean ohartarazi duenez, urak arrastaka eraman dezake kostaldera hurbiltzen dena. Gainera, ur-kirolik ez egiteko eskatu du, urpekaritza, esaterako.

Era berean, itsasontziak ez erabiltzeko eta amarrak berrikusteko aholkatu du. "Itsasora erortzen bazara, saiatu olatuek hausten duten tokitik urruntzen, eskatu laguntza eta itxaron norbaitek erreskatatu arte. Olatuek eramaten bazaituzte, lasaitu, ez igeri egin korrontearen aurka", erantsi du Sailak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantauri itsasoa albisteak