Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Asteazkenean deklaratuko du Dani Alvesek, epaiketaren amaieran, ustezko sexu erasoagatik

Futbol jokalariaren abokatu Ines Guardiolak eskatu du Alves izatea deklaratzen azkena. Magistratuek, aldiz, atzera bota dute epaiketa bertan behera uzteko defentsak egindako eskaera

Dani Alves, epaiketan. Argazkia: EFE
Dani Alves, epaiketan
Dani Alves, epaiketan. Argazkia: EFE

0:41

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dani Alves futbol jokalariak asteazkenean deklaratuko du, behin froga guztiak aurkeztuta, Bartzelonako dantzaleku batean 2022ko abenduan gertatutako ustezko sexu erasoagatik.

Izan ere, Ines Guardiola abokatuaren eskaera onartu du epaileak, Bartzelonan gaur bertan abiatu duten epaiketaren aurretiko eskaeretan horixe galdegin baitu Alvesen defentsak, hots, futbolaria izatea epaiketan hitza hartzen azkena.

Magistratuek, aldiz, atzera bota dute epaiketa bertan behera uzteko Guardiolak egindako eskaera, ez dutelako uste errugabetasun presuntzioa ukatu diotenik. Dena den, epaian xehatuko dituzte arrazoiak, sakonago.

Biktimaren identitatea gordetze aldera, auzitegiak erabaki du salatzailearen deklarazioa ateak itxita egitea, eta grabazion ahotsa eta irudia distortsionatzea. 

Epaiketa bertan behera uztea eskatu du Alvesen defentsak

Ines Guardiola abokatuak egin du eskaera, epaiketa hasi eta batera. Ondoren, epaileak atsedenerako tartea hartu du.

Auziari buruzko 450 berri inguru aurkeztu dizkio Guardiolak epaimahaiari, albiste jario horrekin "publikoki zigortu" dutela arrazoituta.

Bestalde, Guardiolak esan du Alvesek ez zuela instrukzio fasean bere burua defendatzeko aukerarik izan. Horregatik, uste du prozesu horretan ez zaizkiola berme guztiak eman, alegia, ez dutela alde biekin berdin jokatu.

Abokatuak, halaber, Alvesek kontu korrontean -20.000 euro eta 50.000 euroko blokeoa dituela erakutsi dio epaimahaiari, eta akusazioak aurkeztutako zenbait froga inpugnatu ditu.

Horren aurrean, Alves auziaren Fiskaltzak eta akusazio partikularrak defentsari erantzun diote biktima izan dela mina jasan duena, futbolariaren amak sare sozialetan gaztearen nortasuna eta irudiak azaleratu zituelako.

Elisabeth Jimenez fiskalak eta akusazio partikularrak atzera bota dute, horrenbestez, Alvesen abokatu Ines Guardiolak aurkeztutako aurretiko eskaerak. Hain zuen ere, epaiketa bertan behera uztea galdegin du Guardiolak, iritzita Alvesi defentsarako eskubidea ukatu diotela, eta komunikabideek argitaratutako albiste jarioarekin "publikoki zigortu" dutela.

Froga gisa aurkeztutako 500 dokumentuetan eman ditu argudio horiek defentsak. Biktimak salatu zuenetik, eta bereziki, atxilo hartu zutenetik (2023ko urtarrilaren 20a), hedabideetan zabaldutako ehunka argitalpen aurkeztu ditu defentsak.

Akusazioek gogora ekarri dute Alvesen amak urtarrilean Instagramen argitaratutako datuak 

"Pertsonaia publikoa akusatua da, ez biktima", azpimarratu du akusazio partikularraren abokatu Ester Garciak, Alvesek espetxetik komunikabide bati eman zion elkarrizketa bat baliatuta.

Epaiketaren lehen saioa

Epaiketa 10:32an hasi da, Bartzelonako Auzitegiaren 21. sekzioan.

Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du Alvesentzat, eta akusazio partikularrak (biktimak) 12 urtekoa.

Akusazioaren eta abokatuen aurretiko galderekin abiatu dute saioa. Hala, batzuek eta besteek alegazioak eta azken orduko eskaerak aurkeztu dituzte epailearen aurrean.

Bartzelonako jokalari ohia 2023ko urtarrilaren 20an sartu zuten kartzelan. Orduan, Esquadra Mossoek bere abokatuaren bulegoan hartu zuten atxilo, 23 urteko emakume batek haren aurkako salaketa jarri zuelako, 2022ko abenduaren 30ean sexu erasoa egin ziola argudiatuta.

Poliziaren furgoi batean eraman dute presondegitik Auzitegira, eta kalabozoan egon da mossoek auzi gelara zuzendu dutenera arte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak