Gizartea -
Eguraldia
Eguraldi goibel eta epelarekin hasiko dugu astea eta berdintsu helduko dio datozen egunotan
Astelehenean, euria egingo du, lurraldearen ipar partean bereziki, baina, orduek aurrera egin ahala, atertzera egingo du. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta tenperaturak berdintsu mantenduko dira. Asteartean, hego-haizeak tenperaturak igotzea ekarriko du, eta lehorretik euritara egingo du.
EITB Media
Astelehena bustia esnatuko da Euskal Herriko txoko askotan, isurialde atlantikoan bereziki. Orduek aurrera egin ahala, atertzera egingo du, eta ostarteak zabaltzen joango dira.
Egunaren hasieran eta amaieran, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean, mendebaldetik joko du, bolada gogorrekin.
Tenperaturei dagokienez, berdintsu mantenduko dira, eta baliteke zenbait tokitan igandean baino epelagoak izatea.
Barnealdean, 7 ºC inguruan geldituko dira minimoak, eta 12-14 ºC inguruan, berriz, maximoak. Kostaldean, 11 ºC-an kokatuko dira minimoak, eta 15-17 ºC-raino igo daitezke termometroak.
Asteartean, alderantzizkoa izango da joera, lehorretik hasi eta euritara joko baitu.
Egunaren hasieran, hodeiak eta ostarteak izango dira denean, baina egunaren erdiko orduetan, hodeiak ugaritzen joango dira eta euritara joko du. Hego-haizea indartuz joango da orduek aurrera egin ahala, eta arratsaldean bolada gogorrekin joko du.
Hego-haize horren ondorioz, tenperatura maximoek gora egingo dute pare bat gradu, eta kostaldean 20 ºC-ra ere irits daitezke. Hegoaldean, berriz, astelehenean baino bizpahiru ºC baxuagoak izango dira. Minimoak berdin mantenduko dira denean.