Gizartea -
Eguraldia
Jose Antonio Aranda: "Datozen zazpi egunak freskoak edo hotzak izango direla dirudi"
Euskalmeteko arduradunak negu beteko astea iragarri du, "urte sasoari dagokiona". Ikusteko dago gerturatzen ari den fronte hotzak Euskal Herria bete-betean jotzen duen ala ez, horren arabera aurreikuspenak aldatuko direlako, baina hotza eta euria izango dira nagusi datozen egunetan.
EITB Media
Negua Errege Magoen eskutik helduko da Euskadira; izan ere, aurreko egunetako tenperatura epel eta atseginen ondotik, euria eta hotza izango dira nagusi gaurtik aurrera. Isurialde atlantikoko udalerrietako desfileak "ia seguru" euritan egin beharko dituzte; "Gasteizen akaso libratuko dira". Hala azaldu du Jose Antonio Aranda Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako arduradunak gaur goizean Radio Euskadin.
Horren hitzetan, "azkenean, garaiari dagozkion tenperaturak iritsiko zaizkigu", eta "hurrengo zazpi egunak freskoak edo hotzak izango diren itxura osoa du".
Neguko ohiko tenperaturak edo, "beharbada, ohikoak baino baxuagoak" izango dira. Halere, lainotua egongo denez eta euria egingo duenez, termometroak ez dira egun oskarbietan bezainbeste jaitsiko.
Aranda eta bere taldea arreta handiz ari dira datorren astearen erdialderako gerturatzen ari den fronte hotza zaintzen; izan ere, Euskal Herria bete-betean jotzen badu, aldatu egingo dira baldintzak eta iragarpenak.
Elur-kota jaitsi egingo da eta elurra egingo du goialdeetan eta mendialdeetan, baina Arandak ez du uste herriguneetan elurra egingo duenik.