Gizartea -

Migrazioa

40.500 migratzaile baino gehiago iritsi dira Kanaria uharteetara 2023an

Itsas Salbamenduak 246 migratzaile zeramatzaten hiru kaiuko erreskatatu ditu ostiral honetan, Kanaria uharteetatik gertu. Hierro uhartera, Kanarietako uharte txikienera (11.700 biztanle inguru ditu), ia 15.000 pertsona iritsi dira 2023ko maiatzetik.

Erreskatatutako migratzaileak Lanzaroten. EFE.
Erreskatatutako migratzaileak Lanzaroten. EFE.
Erreskatatutako migratzaileak Lanzaroten. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40.500 migratzaile baino gehiago iritsi dira Kanaria uharteetara 2023an, larrialdi taldeek kaian bertan bildutako eta EFE agentziak bildutako datuen arabera.

Bizirik erreskatatu dituzten 40.545 pertsonetatik, 8.319 adingabeak dira (% 20,5) eta 2.733 emakumeak (% 6,7).

Ostiral honetan bertan, 246 migratzaile iritsi dira Kanarietako kostaldera, Saharaz hegoaldeko Afrikatik kaiukoetan zihoazenak. Saharaz hegoaldeko 65 gizon Kanaria Handiko kostaldetik 18 miliara erreskatatu zituen Macondo erreskate-ontziak, eta Arguineguingo kaira eraman zituzten. Adhara ontziak 119 pertsona zeramatzan beste kaiuko bat erreskatatu zuen, tartean hiru emakume eta bi adingabe, guztiak Saharaz hegoaldekoak, eta Hierroko Restingako porturaino eraman zituzten. Portu horretaraino eraman zituzten, halaber, arratsaldeko azken orduan, kaiukoan zihoazen beste 62 gizon.

Hain zuzen ere, Hierro uhartea izan da aurten migratzaile gehien jaso dituena, guztien % 37. Kanaria uharteetatik txikiena da, eta 11.700 biztanle inguru ditu. Bada, 2023ko maiatzetik, guztira 14.951 migratzaile iritsi dira hara kaiukoetan, 3.654 adingabe eta 633 emakume tartean. 2023an Mediterraneoko ibilbidetik Espainiara abenduaren 15era arte iritsi zirenak (14.312) baino gehiago dira, beraz, bertatik heldutakoak. Gehienbat Senegal, Gambia edota Mauritaniatik abiatzen diren ontziak zuzentzen dira Hierro uhartera. Lau eta zazpi eguneko zeharkaldia da, eta gutxieneko nabigazio-ezagutzak behar dira.

Kanarietan iritsieta-fluxu handiena izan duten uharteen artean, Lanzarote izan da bigarrena, guztien % 22 bertara heldu baitira; 8.858 pertsona lehorreratu dira bertan, oso txalupa prekarioak erabilita, 1.368 adingabe eta 815 emakume tartean. Maroko eta Mendebaldeko Saharatik abiatzen diren pateren eta ontzi pneumatikoen fluxurik handiena jasotzen du Lanzarotek, eta kaiukoena baino ibilbide laburragoa egiten dute horiek.

Tenerifera 6.935 pertsona iritsi dira (guztien % 17); horietatik 1.765 adingabeak ziren eta 281 emakumeak.

Kanaria Handira 6.757 etorkin heldu dira (guztien % 16,6), 1.181 adingabe eta 554 emakume tartean.

Fuerteventurara 2.999 pertsona iritsi dira aurten (guztien % 7,4); horietatik 1.765 adingabeak ziren eta 281 emakumeak.

Azkenik, Gomerara 36 migratzaile (hiru adingabe eta emakume bat tartean) zeramatzan kaiuko bat iritsi zen abuztuan, uharte horrek urte osoan jaso duen ontzi bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kanariak