Gizartea -
2024AN ALDATUKO DENA
Hauek dira inflazioari aurre egiteko indarrean izango diren neurriak
Urte hasieratik aldaketa nabarmenak izango dira inflazioari aurre egiteko neurrien artean. Grrantzitsuenak bildu ditugu albiste honetan.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Urte berriaren atarian, aldaketa ugari izango da inflazioari aurre egiteko neurri sortari dagokionez. Hauek dira kontuan izan behar dituzun aldaketa nagusiak:
* Garraio publikorako laguntzak
Espainiako Gobernuak dagoeneko iragarri du garraio publikoak ezarrita zuen % 30eko deskontua luzatu egingo duela. Hori bai, deskontu hori jaso ahal izateko, autonomia-erkidegoek % 20ko beherapena gehitu beharko dute. EAEren kasuan, hori ez da gertatuko, adibidez, Barik txartelarekin ordaindutako bidaietan, eta, hortaz, Bizkaibuseko, Bilbobuseko eta Metro Bilbaoren bidaietan ez da deskonturik izango; bai, ordea, aldi baterako txarteletan (hilabeterakoetan, adibidez).
* Helburua, emantzipazioa aurreratzea
Otsailaren 20an jarriko dituzte eskuragarri Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa Planeko dirulaguntza berriak. Hilean 300 euro jasoko dute 25 eta 29 urte bitarteko gazteek, baldin eta alokairuan bizi badira edo etxebizitza erosten badute. Laguntza gehienez bi urtez kobratu ahalko dute.
* Diru-sarrerak bermatzeko errenta
Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta % 5 haziko da urte berria iristearekin batera. Horrela, oinarrizko zenbatekoa egungo 533,52 eurotik 560,45 eurora igoko da.
* Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera
Laguntza honek ere igoera nabarmena izango du aurten, % 6,9koa, alegia.
* Amatasun- eta aitatasun-baimen gehiago
2024tik aurrera, EAEko funtzionarioek duten aitatasun- eta amatasun-baimena (18 astekoa) sektore pribatura ere zabalduko da.
* Alokairuei mugak "tentsiopeko eremuetan"
Euskal Autonomia Erkidegoko 41 udalerrik "tentsiopeko eremu" kategoria eskatzeko aukera izango dute aurten. Behin onartuta, muga bat jarri ahalko diete euren herrietako alokairuen prezioei. Guztira 20 udalerri dira Gipuzkoan, 19 Bizkaian eta 2 Araban.
* Pentsioek, gora
Urte berriarekin batera, % 3,8ko igoera izango da kotizaziopeko pentsioetan, % 6,9koa kotizazio gabekoetan eta % 14,1ekoa familia-kargak dituzten alarguntasunagatiko pentsioetan.
* Etxegabetzeak, debekatuta
2024. urtean, Estatu osoan debekatuta egongo dira pertsona zaurgarrien etxegabetzeak.