Gizartea -
LAPURDI
Fiskaltzak ikerketa abiatu du Biarrizko Hotel du Palaisen langile bati egindako sexu-erasoagatik
Dirudienez, sukaldeko laguntzaile hasiberri bat biluzik lotu zuten aulki batean, eta irudiak sarean zabaldu zituzten. Michelin izardun jatetxeko sukaldariak lanpostua utzi du.
eitb media
Baionako Fiskaltza Biarrizko Hotel du Palaisen izandako gertakari batzuk ikertzen ari da, jatetxeko sukaldeko laguntzaile bati egindako "hasiberriaren burlekin" lotuta.
Sud Ouestek jasotako informazioaren arabera, Fiskaltzak sexu erasoagatik eta sexu indarkeriagatik abiatu du ikerketa. Ez dago salaketarik, baina Fiskaltzak abenduaren 2an jatetxeko langile gazte bati gertatutakoaren inguruko informazio guztia jaso nahi omen du.
Egunkariak zabaldutako lekukotzen arabera, langileari "hasiberriaren burlak" egin zizkioten, eta besteak beste, aulki batean lotu zuten biluzik, ahoan sagar bat eta ipurmasailen artean azenario bat zituela. Irudiak sare sozialetan zabaldu zituzten, gainera.
Hyatt taldeak, bost izarreko hotelaren jabeak, ohar bat kaleratu du "hotelaren barruan izandako gertakari kezkagarri" batzuen harira, baina xehetasunetan sartu gabe.
Gertakariaren berria zabaldu ostean, Aurelien Largeau sukaldariak, 2022an Michelin izarra jaso zuenak, lanpostua utzi zuen.