Gizartea -
istripua
Ertzaintza balaren ibilbidea ezagutzeko neurketak egiten ari da Deban, laser sentsoreak eta drone bat erabiliz
Gipuzkoako Ehiza Federaziotik argitu dutenez, gertakarien ondotik ehiztariek komisaldegian deklaratu zuten eta armak eta munizioak jaso zizkieten, ikerketan aurrera egiteko. Bien bitartean Gipuzkoako Aldunditik zuhurtzia eskatu dute eta Ertzaintzarekin elkarlanean ari direla adierazi dute.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Deban 75 urteko emakume baten heriotza argitzeko ikerketa zabaldu du Ertzaintzak. Itxura guztien arabera, etxearen kanpoaldetik barrura sartutako tiro bat jaso eta gero hil zen atzo emakumea. Antza, inguruan egiten ari ziren ehiza uxaldi batean galdutako bala batek eragin zuen ezbeharra, eta hori argitu nahi du Ertzaintzak.
Etzaintzak polizia lerro zabala jarri du Debako kuartel-etxe zaharraren inguruan, balaren ibilbidea ezagutzeko neurketak egiten ari baitira, laser sentsoreak, baita drone bat erabilita ere. Antza, kuartel-etxe inguruan den Ozioko basoan egiten ari ziren uxaldi bateko bala galdu batek leihoa zeharkatu eta sukaldean zen 75 urteko emakumea buruan jo zuen bart.
Ertzaintzako polizia zientifikoarekin batera, basozainak ere etxearen inguruan izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi baitu, eurak ere ikerketa abiatu dutela. Uxaldia egiteko beharrezko neurriak bete ote ziren argitzeko.
Ehiza uxaldian parte hartzen ari ziren kideek Eibarko komisaldegian deklaratu zuten atzo eta alkoholemia probak ere egin zizkieten eta ikerketan aurrera egiteko uxaldian erabili zitzten armak eta munizioak ere jaso zituzten agenteek.
Kuadrillako kideak atsekabetuta daudela adierazi du Haritz Eceiza Gipuzkoako Federazioko koordinatzaileak Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean eta hildako emakumearen senideei doluminak helarazi dizkietela. Ehiztariek ez zuten gertaeraren berri izan Ertzaintza bertaratu zen arte.
Gero eta ohikoagoa da basurdeen presentzia gure inguruan. Testuinguru horretan 70 kuadrilla daude Gipuzkoako 12 zonaldeetan basurdeak ehizatzen. Ehiztariek irailaren 1etik apirilera arte izaten dute horretarako aukera, eta legeak ezartzen duenez, herrietatik gutxienez 200 metro edo gehiagoko distantzian ehizatu behar dituzte basurdeak.
Gipuzkoako Federazioko koordinatzaileak nabarmendu du ehiztariak baimendutako eremuan zebiltzala ehizan, eta dirudienez segurtasun neurriak bete zituztela. "Bai eskopetekin bai errifleekin bala galduak, erreboteak, suertatzen dira, nahiz eta arau guztiak bete", esan du, eta gaineratu du rifle batek 600 metroko irismena izan dezakeela.
Esan duenez, baina, ulertzen du jendearen kezka, baina gogorarazi du erakundeek haiei deitzen dietela basurdeak ehizatzeko. "Oso zaila da oreka lortzea, basurdeak gero eta gehiago hurbiltzen baitira herrietara, eta eskaria gero eta handiagoa da, arriskutsuak direlako", gogorarazi du.
Gipuzkoako Aldunditik, berriz, zuhurtzia eskatu dute, eta Ertzaintzarekin elkarlanean ari direla adierazi dute. Biktimaren familiari elkartasun osoa helarazi diote, eta azpimarratu dute ehiztariek, alde batetik, aldundiekin duten hitzarmena bete behar dutela, eta, bestetik, ehiza lege orokorra.
Ezbeharra igande arratsaldean gertatu zen. Biktimaren senideek 15:00ak baino lehentxeago deitu zuten larrialdi zerbitzuetara, gertatutakoaren berri emanez. Antza, emakumea Debako etxebizitza batean zegoen, ustez suzko arma baten tiroa jaso zuenean. Emakumea etxebizitzan artatu zuten lehendabizi, eta, ondoren, Donostia Ospitalera eraman dute. Bertan zendu zen, 18:45 aldera.