Gizartea -

IKERKETA, ABIAN

Emakume bat hil da Deban, etxean zela, kanpotik egindako tiro bat jaso eta gero

Emakumearen senideek 15:00ak aldera deitu dute larrialdi zerbitzuetara. Iritsi direnean, biktima lurrean aurkitu dute, buruan zauri odoltsu bat zuela. Leiho batean, kanpoaldetik egindakoa zirudien zulo bat aurkitu du Ertzaintzak.

Ertzaintza tiroketa izan den etxebizitzan, gauean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Ertzaintza tiroketa izan den etxebizitzan, gauean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Ertzaintza Deban emakume bat hil duen tiroaren jatorria ikertzen ari da

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat larri zauritu da Debako etxebizitza batean zegoela, ustez suzko arma baten tiroa jasota, eta handik ordu batzuetara hil da, Donostia Ospitalean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan. Azaldutakoaren arabera, "inguruan ehiztariak zebiltzan uxaldi bat egiten", baina ez dago baieztatzerik hortik etorri den tiroa.

EITB Mediari baieztatu diotenez, Ertzaintzak ikerketa abiatu du ehiztariak baimendutako tokian ari ziren jakiteko.

Biktimaren senideek 15:00ak baino lehentxeago deitu zute larrialdi zerbitzuetara, gertatutakoaren berri emanez. Anbulantzia bat, Udaltzaingoa zein Ertzaintzaren patruila bat iritsi direnean, lurrean aurkitu dute emakumea, burutik odola zeriola.

Emakumea etxebizitzan artatu dute lehenbizi, eta, ondoren, Donostia Ospitalera eraman dute. Bertan zendu da, 18:45 aldera.

Agenteek egiaztatu dutenez, leiho bateko kristalean zulo bat zegoen, kanpotik egindakoa antza.

Ertzaintzak ikerketa ireki du zer gertatu den argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Deba Albisteak Ehiza