Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gipuzkoako tutoretzapeko pisu batetik ihes egin zuen emakumearen ustezko erasotzailea atxilotu dute Alemanian

Gizonezkoak emakumearekiko eta haurrarekiko urruntze agindua du tratu txar delituengatik, baina urriaren 21ean araua urratu eta hirurek ihes egin zuten. Emakumea eta haurra onik daudela egiaztatu ahal izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemanian atxilotu dute iragan urrian Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko zentro batean babes hartuta zeuden emakumearekin eta bien 10 hilabeteko haurrarekin batera ihes egin zuen gizona. Gipuzkoako Foru Aldundiak egiaztatu ahal izan duenez, emakumea eta haurra onik daude.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Alemaniako Poliziak atxilotu du emakumearekiko eta haurrarekiko zuen urruntze agindua hausteagatik. Epaileak urriaren hasieran ezarri zion urruntze agindua ustezko erasotzaileari. Ezin zen ez biktimarengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu ezta harekin harremanik izan ere, iturri judizialen arabera.

Urriaren 21ean, ordea, araua urratu eta hirurek ihes egin zuten, hain zuzen ere, ustezko erasotzaileari pultsera telematikoa ezartzeko egitekoa zein epaiketaren bezperatan.

Desagertzearen berri izan orduko hura bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuten Europa osoan. Atxilotu ostean, Euskal Herrira ekarri eta emakumearekiko eta haurrarekiko zuen urruntze agindua hausteagatik epaituko dute.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan du ez dutela emakumearen berririk, baina badakitela Alemanian lotura familiarren bat duela. Alemaniako Poliziari eskatu diote, emakumearekin harremanetan jartzea lortuz gero, bere osasunaz arduratzeko. Era berean, Jaurlaritzaren baliabideak eskaini dizkio emakumeari Euskadira itzultzea erabakitzen badu.

Jaurlaritza Alemaniako Poliziarekin jarri da harremanetan atxilotuaren emazteari laguntza eskaintzeko
Jaurlaritza Alemaniako Poliziarekin jarri da harremanetan atxilotuaren emazteari laguntza eskaintzeko
Jaurlaritza Alemaniako Poliziarekin jarri da harremanetan atxilotuaren emazteari laguntza eskaintzeko

1:20
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Gizarte zerbitzuak albisteak Alemania Gizartea Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak