Gizartea -

Mugikortasuna

Renfek trenetara patineteekin sartzea debekatuko du, eta Metro Bilbao, Euskotren eta ETS aztertzen ari dira

Renferen debekua abenduaren 12an jarriko da indarrean, eta baterien suteek eragindako arriskuarekin justifikatu du neurria. Bestalde, Metro Bilbaok, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak "adostasunez" hartuko dute erabakia.

Bi pertsona patinete elektrikoarekin, Gasteizko kaleetan. Argazkia: EFE
Bi pertsona patinete elektrikoarekin, Gasteizko kaleetan. Argazkia: EFE
Bi pertsona patinete elektrikoarekin, Gasteizko kaleetan. Argazkia: EFE

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Renferen administrazio-kontseiluak astelehenean erabaki zuen Aldiriko eta Eskualdeko zein Abiadura Handiko eta Distantzia Luzeko (AVE, Avlo, Alvia, Avant, Euromed eta Intercity) tren guztietan patinete elektrikoekin sartzea debekatzea. Bitartean, Metro Bilbao, Euskotren eta Euskal Trenbide Sarea (ETS) neurri bera hartzeko aukera aztertzen ari dira.

Horretarako, lantalde bat sortu da neurria hainbat ikuspuntutatik aztertzeko, batez ere "juridikotik eta segurtasunetik". Azken erabakia hiru konpainiek "adostasunez" hartuko lukete.

Renferen debekua abenduaren 12an sartuko da indarrean, eta zenbait garraio publikotan (bateria manipulatzeagatik, kolpeek eragindako kalteengatik, denboraren poderioz edo kargagailu desberdinak erabiltzeagatik) izan diren suteen ondorioz sortutako arriskuarekin justifikatu du neurria.

Neurriak patinete elektrikoei ez ezik, monozikloei edo mugikortasun pertsonalerako beste edozein gailu elektrikori edo bateriadunei ere eragiten die, mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuei eta bizikleta elektrikoei izan ezik.

Renfek defendatu du neurri hori osasun publikoko eta bidaiarien segurtasuneko irizpideetan oinarrituta hartu dutela, eta Espainiako eta Europako hiri ezberdinetan hartutako beste batzuen antzekoa dela.

Sevilla izan zen, 2021ean, lanegunetan puntako orduan bidaiariei Metrora patinete elektrikoekin sartzea eragotzi zien lehen hiria.

Joan den otsailean, Kataluniak debekatu egin zuen ibilgailuetara eta garraio publikoko azpiegituretara sartzea (geltokiak eta nasak), 2022ko azaroan Kataluniako Generalitatearen Trenbide Zerbitzuan, patinete bat lehertu ondoren.

Era berean, joan den azaroaren 4tik, debekatuta dago patinete elektrikoak sartzea Madrilgo Erkidegoko garraio publikoko instalazio eta ibilgailuetara, baldin eta horien kudeaketa Garraioen Partzuergoaren eskumenekoa bada (adibidez, metroan edo autobusetan).

Arriskutsuak al dira patinete elektrikoetako bateriak?
Arriskutsuak al dira patinete elektrikoetako bateriak?
Arriskutsuak al dira patinete elektrikoetako bateriak?

1:59

Beste herrialde batzuetan, Erresuma Batuko eta Irlandako tren konpainia batzuek, baita Londresko edo Hanburgoko metroak ere, patinete elektrikoak trenetara sartzea debekatu dute.

Neurria indarrean sartzen denean, Renfek bidaiari bat trena uztera behartu ahal izango du, baldin eta garraiorako edo gainerako bidaiarien segurtasunerako arriskutsua den objektu, ekipaje edo ibilgailuren bat eramaten badu.

Renfek kudeatzen dituen aldiriko geltokietan, patinete elektrikoa duen bidaiari bat aurkitzen bada, debekuaren berri emango zaio, eta, era berean, ikuskatzaileek eta segurtasun-agenteek ikuskapenak egin ahal izango dituzte.

Fevempen hitzetan, erabaki "diskriminatzailea" da

Espainiako Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen Federazioak (Fevemp) "irmo" gaitzetsi du Renferen erabakia. Elkarteak ohar batean adierazi duenez, erabakia "garraio publikoetako baterien suteen aurrean sortutako arrisku-egoeran" oinarrituta dago, baina ez die eragiten bateriak dituzten beste gailu batzuei, hala nola telefono mugikorrei, ordenagailu eramangarriei, bizikleta elektrikoei edo mugikortasun urriko ibilgailuei.

Era berean, erabakia "diskriminatzailea" eta "justifikaziorik gabea" dela salatu du; izan ere, elkarbizitzako sei urte hauetan, milioika kilometro egin dira patineteekin Renferen trenetan, eta erabiltzaileek beren ibilgailuarekin bidaiatu ahal izan dute ekipajean, inolako arazorik gabe.

"Hiriko garraio publikoan gertatu berri diren leherketek ez dute neurri hori justifikatzen. Debekua ez da irtenbidea", azpimarratu Fevempek. Federazioak argudiatu duenez, patinetea eta monoziklo elektrikoa "mugikortasunaren oraina eta etorkizuna dira".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Metro Bilbao Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskotren Renfe Garraio publikoa Patinete elektrikoak