Gizartea -
Gertakaria
Ustez ertzain bati pistola lapurtu dion gizonaren bila jarraitzen dute, bilaketa eremua zabalduta
Agenteak etxean zuen arma partikular bat da lapurtutakoa. Ustezko lapurraren bikotekide ohia indarkeria matxistaren biktima da, eta zaintza berezia jarri diote. Barakaldon aritu dira bila gaur, Zubileta kalearen inguruan, baina han ez zegoen eta beste toki batzuetara zabaldu dute bilaketa.
EITB Media
Ertzaintza gizonezko bat bilatzen ari da Barakaldon ertzain bati pistola bat lapurtu diolakoan. Lapurreta agentearen etxebizitzan gertatu zen, eta ertzainak etxean zuen arma partikular bat da ostutakoa, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Radio Euskadin baieztatu duenez.
Erkorekak azaldu du ustezko lapurra identifikatuta dutela, eta Ertzaintzak bilaketa dispositibo handia zabaldu duela Barakaldon, Zubileta kalearen inguruan. Izan ere, agenteak arma gordetzeko erabiltzen zuen motxila aurkitu dute, baina pistolarik ez zegoen barruan. Hainbat orduz inguru horretan bila aritu eta topatu ez dutela-eta, bilaketa eremua zabaltzea erabaki du Ertzaintzak.
Ustezko lapurraren bikotekide ohia indarkeria matxistaren biktima da, arrisku larriko egoeran dagoena, eta Ertzaintzak indartu egin ditu bere babes neurriak.