Gizartea -

BELGIKA

Zumarragako 19 urteko mutil bat koma egoeran dago, Belgikan 30 pertsonak jipoitu ostean

Erasoa azaroaren 1ean gertatu zen Bruselako Molenbeek auzoan. Gazteak zauri larriak ditu aurpegian eta hezurrak hautsita buruan.

Soufyane Elimrani
Soufyane Elimrani
Zumarragako gazte bat koman dago Belgikan, jipoi bat jaso ostean

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako 19 urteko mutil bat jipoitu dute 30 bat pertsonak Bruselan (Belgika), eta koma egoeran dago. Soufyane Elimrani izeneko gazteak zauri larriak ditu aurpegian eta hezurrak hautsita buruan. 

Erasoa azaroaren 1ean gertatu zen, 20:00ak aldera, Bruselako Molenbeek auzoan, metro geltoki baten irteeran, eta ospitalean dago harrezkero. Antza denez, beisboleko bateekin, makilekin eta metalezko objektuekin kolpatu zuten. 

Familiak salaketa aurkeztu du, eta Polizia erasoaren nondik norakoak ikertzen ari da.

Soufyane Elimraniren familiak ETBri jakinarazi dionez, gaztea Bruselan bizi da osabarekin, eta urtebete inguru darama bertan lanean. Jipoitutako gaztea lankide batekin partida bat jokatzera joan zen iragan asteazkenean, eta handik bueltan metroz itzuliko zela idatzi zion osabari. Hala ere, une jakin batean osabari mezuak erantzuteari utzi zion, eta ez zen etxera bueltatu. Geroago, gaztea ospitale batean egoera larrian zegoela esateko deitu zioten.

Biktimaren osabetako batek, Hassan Elimranik (Zumarragan bizi da), esan du litekeena dela erasotzaileek gazteari mugikorra lapurtu nahi izatea, baina ez daki "zergatik hil nahi izan duten".

Gaztearen gurasoak Zumarragatik Bruselara joanak dira bere alboan egoteko. Soufyane Elimraniren familia Marokoko Fez hirikoa da jatorriz, baina duela 14 urte inguru iritsi zen Zumarragara eta udalerrian integratuta daude. Zentzu horretan, Elimranik azpimarratu bere iloba Gipuzkoako herri osoan ezagutzen zutela eta ez zuela inoiz inorekin arazorik izan.

Zumarragako Udalaren laguntza eskaintza, familiari

Albistea jakin berritan Mikel Serrano Zumarragako alkateak ETBri adierazi dionez, gaztea osatzea eta aldi berean zer gertatu den argitzea eta justizia egitea dira orain lehentasunak.

Serranoren esanetan, samina da nagusi Zumarragako herritarren artean. Azaldu duenez, herrian erabat integratutako familia da, bere bizi proiektua bertan egin duena. Gaztearen kasuan, umetan bertako ikastolara joan zen eta gerora Bruselara bideratu zuen bere bizi proiektua.

Bestalde, familiarekin harremanetan jartzeko ahaleginetan ari direla nabarmendu du, Udalaren laguntza eta babes osoa eskaintzeko.

Mikel Serrano, Zumarragako alkatea: ''Gure laguntza eta babes osoa eskaini nahi diogu Soufyanen familiari''
Mikel Serrano, Zumarragako alkatea: ''Gure laguntza eta babes osoa eskaini nahi diogu Soufyanen familiari''
Mikel Serrano, Zumarragako alkatea: ''Gure laguntza eta babes osoa eskaini nahi diogu Soufyanen familiari''

1:09
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Brusela Belgika Delituak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga Albisteak