Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Espetxera bidali dute Iruñean atxilotutako gizona, bikotekide ohiari eta haren amari eraso egitea egotzita

Hilketa saiakera, ohiko tratu txarrak eta lesioak egotzi dizkio epaileak. Auzipetuak labanaz zauritu zituen bikotekide ohia eta bien artean jarri zen bikotekide ohiaren ama.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrotxapean bikotekide ohiari eta haren amari eraso egitea leporatutako gizona behin behinean espetxeratu dute, Iruñeko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak ebatzi duenez. Ustezko erasotzailea komunikatuta eta fidantzarik gabe espetxeratu dute Atzo, osteguna, atxilotu zuten.

Hilketa saiakera, ohiko tratu txarrak eta lesioak egotzi dizkio epaileak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Fiskaltzak inputatua behin-behinean espetxeratzeko eskatu du, eta akusazio partikularrak eskaera horrekin bat egin du. Defentsak, berriz, fidantzarik gabeko behin-behineko askatasuna eskatu du.

Autoan jasotzen denez, auzipetuak labanaz zauritu zituen bikotekide ohia eta bien artean jarri zen bikotekide ohiaren ama.

Epaileak egokitzat jo du behin-behineko espetxealdia, ikertuak ihes egiteko arriskua saihesteko. Autoaren arabera, egindakoa "oso larria da, eta arrisku nabarmena dago errepikatzeko edo larriagotzeko".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Delituak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak