Gizartea -

Urtaro aldaketa

Iraileko ekinokzioak uda eraman eta udazkena ekarriko du larunbat honetan

Hiru hilabetez, egunero 3 minutu eguzki argi gutxiago izango dira. Udazkena beroa eta ohi baino euritsuagoa izango dela espero da, eta horrek inguru lehorrenetan lagunduko duela.

Udazken koloreak Usurbilen. Argazkia: Maria Jesus Echeverria
Udazken koloreak Usurbilen. Argazkia: Maria Jesus Echeverria
Udazken koloreak Usurbilen. Argazkia: Maria Jesus Echeverria

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meteorologian, udazkena irailaren 1ean hasten da, baina iraileko ekinokzioak udazken astronomikoa ekartzen du ipar hemisferiora, eta udaberria hegoaldekora.

2023ko udazken astronomikoa larunbatean, irailaren 23an, hasiko da ipar hemisferioan, 08:50 minutuan zehazki, Espainiako Astronomia Behatokiak zabaldu duenez. Urtaroak 89 egun eta 21 ordu iraungo du, abenduaren 22an neguari hasiera emateko.

Oso beroa eta normalean baino euritsuagoa izango dela aurreikusi dute. Horrek eremu lehorrenetako ur faltari aurre egiteko balio izan dezake.

Udazken astronomikoa

Ipar hemisferioko udazkenari hasiera emateko, Lurra orbitaren puntu jakin batetik igaro behar da, Eguzkiaren erdigunea zeruko ekuatorearen parean jartzen den unean, hain zuzen ere. Hori gertatzen denean gauak eta egunak ia berdina irauten dute, eta horri deitzen zaio udazkeneko ekinokzioa.

Ipar hemisferioan udazkena hasten denean, hegoaldekoan udaberria iristen da.

2023ko udazkenean bi eklipse izango dira, bat eguzkiarena eta beste bat ilargiarena. Eguzki eklipsea urriaren 14ean izango da, baina Amerikatik soilik ikusiko da. Ilargi eklipsea, berriz, urriaren 28an izango da, eta Europatik ikusi ahal izango da.

Interes astronomikoa duten beste fenomenoetako batzuk drakonidak (urriak 8), orionidak (urriak 21), leonidak (azaroak 17) eta geminidak (abenduak 14) izango dira. Ilargi beteak irailaren 29an, urriaren 28an eta azaroaren 27an izango dira.

Udazkenaren hasieran laburtzen da azkarren egun argiaren iraupena. Gure latitudean eguzkiaren irteera egunero minutu batetik gora atzeratzen da, eta beste hainbeste aurreratzen da iluntzea. Hala, egunero ia 3 minutu eguzki argi galtzen ditugu.

Ordu aldaketa

Europako Parlamentua eta Batzordea ordu aldaketen aurka agertu diren arren, ez dago oraindik erabaki irmorik. Hala, 2023an ere urriko azkeneko igandean izango da ordu aldaketa: urriaren 29an, goizaldeko 3etan ordulariak ordubete atzeratu beharko dira eta ordu biak izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zer egunetan aldatzen da ordua? Udazkena albisteak Astronomia