Gizartea -
NAFARROA
8 urteko zigorra ezarri diote Huarteko etxebizitza batean lehergaiak egiteko materiala gordetzen zuen gizonari
Akusatuak leporatzen zizkioten delituak onartu ditu, tartean, gurasoei mehatxu egitea eta tratu txarrak ematea, droga trafikoa, lehergaiak izatea eta debekatutako armak gordetzea.
EITB Media
Nafarroako Auzitegiak zortzi urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Uharteko etxebizitza batean lehergaiak egiteko substantzia kimikoak gordetzen zituen gizonari. Gainera, gurasoei mehatxuak egin eta tratu txarrak eman zizkien eta droga ekoizten eta salerosten zuen.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur zabaldutako epaiaren arabera, akusatuak leporatzen zizkioten delituak onartu ditu, tartean, gurasoei mehatxu egitea eta tratu txarrak ematea, droga trafikoa, lehergaiak izatea eta debekatutako armak gordetzea.
Fiskaltzak eta defentsak akordioa lortu ostean, gizonak delituak onartu eta bere burua erruduntzat jo zuen. Epaiaren arabera, zigortutako gizonak eskizofrenia eta nortasunaren nahasmendua ez ezik, droga eta alkohola kontsumitzeagatik sortutako nahasmendua ditu, eta sarritan eraso eta mehatxu egin zien gurasoei.
2022ko azaroaren 2an, etxea lehertzearekin mehatxatu ondoren Poliziak egindako miaketan, besteak beste, lehergaiak egiteko materiala, pistola elektrikoak (taser) eta munizioa atzeman zizkioten. Halaber, bere ordenagailuan lehergaiak nola egin azaltzen zuten dokumentuak eta bideoak aurkitu zizkioten.
Epaia ezagutu aurretik eta iazko azaroaren 4tik, zigortutako gizona behin-behineko espetxean zegoen.