Gizartea -

Indarkeria matxista

Luis Rubiales Auzitegi Nazionalera iritsi da, Jenni Hermosori emandako musuagatik deklaratzeko

Auzitegi Nazionaleko epaileak 12:00etatik aurrera galdekatuko du Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohia, eta Rubialesek auzitegiaren egoitzara joan beharko du, galdeketa aurrez aurre egiteko.

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohia. Argazkia: EFE
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohia. Argazkia: EFE
Luis Rubialesek Auzitegi Nazionalean deklaratuko du Jenni Hermosori emandako musuagatik

0:19

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohiak inputatu gisa deklaratuko du gaur, Jennifer Hermoso futbol jokalariari Munduko Txapelketako finalaren ostean baimen gabe eman zion musuagatik irekitako auzian.

Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak 12:00etan deitu du, baina 11:10erako iritsi da epaitegira.

Rubiales oinez sartu da Auzitegi Nazionalera, Olga Tubau abokatua alboan zuela. Ehun kazetari inguru zituen zain, baina ez du adierazpenik egin nahi izan.

Iturri juridikoen arabera, irteeran ere ez die kazetarien galderei erantzungo.

Epaileak asteartean eman zuen Rubiales deklaratzera deitzeko probidentzia, Fiskaltzak Rubialesen aurka sexu-eraso eta hertsapen delituak egotzita jarritako kereila tramitera onartu eta biharamunean.

Ebazpen batean, epaileak prozedura honetan lehen pausoak eman zituen, besteak beste, RTVEri artxiboko bideo guztiak eskatuta, auzipetuak salatzaileari eman zion musua angelu guztietatik jasotzen duten irudiak eta gertakariaren aurreko eta ondorengo minutuak ere ikusteko.

Gainera, El País egunkariari Interneten aireratu zuen aldagelako ospakizunaren bideoa eskatu zion, eta AS egunkariari musuaren unea jasotzen duena, baita gertakariekin lotutako beste guztiak ere. Era berean, La Vanguardia egunkariari Espainiako emakumezkoen futbol selekzioak autobusean egindako ospakizunaren bideoa eskatu zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Futbola Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak