Gizartea -
IKERKETA
65 eta 80 urte arteko 2.000 donostiar boluntarioren bila ari dira, alzheimerra prebenitzeko ikerketa baterako
Bi urte iraungo ditu ikerketak, eta 2025erako behin betiko emaitzak izatea aurreikusten da. Parte hartu nahi dutenek cita-alzheimer.org webgunean dagoen formularioa beteta edota 943021792 telefonora deituta eman dezakete izena.
EITB MEDIA
CITA-alzheimer Fundazioa 65 eta 80 urte arteko 2.000 donostiar boluntarioren bila ari da, alzheimerra prebenitzeko ikerketa batean parte hartzeko. Hainbat bizi-ohitura hartuta, alzheimerra edota beste dementzia mota batzuk izateko aukera murriztu daitekeela erakutsi nahi dute ikertzaileek.
'Donostiar ahaztezinen bila gabiltza' leloa du kanpainak, eta "CITA GO-ON" deritzon proiektuaren barruan kokatu dute. Pablo Martinez-Lage CITA-Alzheimer fundazioko zuzendari zientifikoak aurkeztu du ekimena gaur eguerdian, Donostiako Udaletxean, Eneko Goia alkatearekin batera.
Martinez-Lageren hitzetan, biztanleriaren zahartzeak berekin dakarren "erronka nagusia" alzheimerrari eta beste dementzia motei aurre egitea izango da. "Ez badugu ezer egiten, 20 edo 30 urte barru bikoiztu egingo da dementzia duten pertsonen kopurua", ziurtatu du.
Gaur aurkeztu duten ikerketaren ardatzean bizi-ohitura osasungarriak jarriko dituzte: ariketa fisikoa zein kognitiboa, elikadura osasuntsua eta integrazio soziala izango dira gakoak.
Suediako Kronlinska Institutu sonatuaren babesa izango du egitasmoak, eta bertatik aterako diren ondorioak nazioartean partekatuko dituzte. Izan ere, Europako hainbat herrialdetan, Estatu Batuetan, Txinan edota Australian antzeko lan-lerroak eta antzeko metologia ari dira erabiltzen alzheimerra ikertzeko lanetan.
Aurreikuspenen arabera, bi urte iraungo ditu ikerketak, eta 2025ean emaitzak izatea espero da. Parte hartu nahi dutenek cita-alzheimer.org webgunean dagoen formularioa beteta edota 943021792 telefonora deituta eman dezakete izena.