Gizartea -
Indarkeria matxista
Urtebete murriztu diote kondena La Manadako zigortuetako bati, 'Bai bakarrik da bai' legea aplikatuta
Angel Bozak 14 urteko kartzela-zigorra bete beharko du, 15ekoa bete beharrean. Esther Erice Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuak boto partikularra eman du murrizketaren kontra. Horren hitzetan, "gertaeren larritasunari" erreparatu behar zaio. Biktimak errekurtsoa jarriko du.
EITB Media
"Bai bakarrik da bai" legea aplikatuta, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urtebete murriztu du —15 urtetik 14ra— La Manadako zigortuetako bati 2016ko sanferminetan taldean egindako sexu-erasoagatik Auzitegi Gorenak ezarritako kondena.
Angel Bozari egingo diote murrizketa. Bozaren defentsak Sexu Askatasunerako Berme Osorako Legea indarrean sartu eta berehala, iazko azaroan, zigorra berrikustea eskatu zuen. Akusazioek (fiskala, biktimaren defentsa eta herri akusazioak) kontra egin zuten, eta Nafarroako Lurralde Auzitegiak berak otsailean baztertu zuen eskaera. Ezezkoaren aurrean, Auzitegi Nagusira jo zuen zigortuak. Gaur jakinarazi dute, hain justu, horren inguruko ebazpena.
Epaia ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkez daiteke. Ebazpena ez dute aho batez hartu, eta epaileetako batek boto partikularra eman du murrizketaren kontra (beste biek, Salako presidenteak barne, alde egin dute).
Nafarroako Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salaren arabera, 15 urteko kondena gutxieneko zigorretik "gertu" zegoela onartu zuen Gorenak berak. Horren ildoan, gogorarazi du "Bai bakarrik da bai" legeak gutxieneko zigor hori "nabarmen" jaitsi zuela, eta legea presoarentzat "mesedegarriagoa" denez, hura aplikatu behar dela.
Epaileek azaldu dutenez, 15 urteko kondenari eutsita, gutxieneko zigorretik urrunduko luke zigorra. Zehaztu duenez, kondena ezarri zitzaionean gutxieneko zigorra baino 9 hilabete gehiago bete beharko lituzke, baina lege berria kontuan izanda, "gutxieneko zigorra baino bi urte gehiago" egin beharko lituzke.
Boto partikularra
Esther Erice magistratuak boto partikularra eman du murrizketaren kontra. Horren hitzetan, "Auzitegi Gorenak esandakoaren arabera, berrikustean ezarri behar den zigorra ezin da bakarrik proportzionaltasun aritmetikoen irizpideen arabera hartu. Gainera, ezin da abstraktuan baloratu, modu zehatzean baizik, hots, elementu guztiak kontuan hartuta".
Azpimarratu duenez, aplikazio aritmetiko soila eginda ere ez dagokio murrizketarik: "Gutxieneko zigor berritik duen gertutasuna ez ezik, gertakarien larritasuna ere hartu behar da kontuan".
Errekurtsoa
2016ko sanferminetako talde bortxaketaren biktimak, bere aldetik, helegitea jarriko du Auzitegi Gorenean, magistratuek "gertakarien larritasuna kontuan hartu ez" dutela argudiatuta. Haren abokatuak, Teresa Hermidak, jakinarazi du "sakon" aztertu behar dutela gaur kaleratu den autoa, baina ziurrenik Erice magistratuaren boto partikularrean oinarrituko dute defentsa.