Gizartea -

ERRIOXA

Harrapatze anizkoitzagatik Haron atxilotutako gizona tratamendu medikoa jasotzera zihoan osasun-zentrora

Pertsona bat hil eta bost zauritu dira atzo gauean Errioxako udalerriko osasun-zentroko aparkalekuan izandako harrapaketan. Atxilotutako gizona Bizkaikoa da.

Haroko osasun etxea. Argazkia: EFE
Haroko osasun etxea
Harrapaketa anizkoitz batek hildako bat eta bost zauritu utzi ditu Haron

0:29

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen gauean, gurasoekin tratamendua jasotzera zihoan gizonezko batek bost pertsona zauritu eta osasun-langile bat hil zituen Haron (Errioxa), osasun-zentroko aparkalekuan autoarekin harrapatuta. Gidaria bertan atxilotu zuten, eta ez dute baztertzen osasun mentaleko arazoak izatea.

Guardia Zibilak baieztatu duenez, gertakariaren lekukoen arabera, Basaurin (Bizkaia) bizi den 26 urteko gizona Gobernuaren aurkako oihuak egiten zihoan. Hala zehaztu du Miguel Angel Saez Guardia Zibilaren bozeramaileak, Beatriz Arraiz Espainiako Gobernuak Errioxan duen ordezkariarekin batera egindako agerraldian. Gertaeraren xehetasunak eman dituzte, eta baztertu egin dute arrazoi terroristarik izatea.

Astelehenean, 22:15 aldera, larrialdi-zerbitzuek eta Guardia Zibilak hainbat dei jaso zituzten ibilgailu bat osasun-zentroko aparkalekuan abiadura handian sartu zela eta sei pertsona harrapatu zituela ohartarazteko.

Harrapaketaren ondorioz, zentroko 32 urteko osasun-langile bat hil, eta bost pertsona zauritu ziren, eta Logroñoko San Pedro Ospitaleko larrialdietara eraman zituzten.

Atxilotua aldi baterako zegoen Haron, eta gurasoekin batera zihoan osasun-zentrora tratamendua jasotzera. Oraingoz, ez dute xehetasun gehiagorik eman.

Lekukoen hitzetan, halako batean, ibilgailua nahita azeleratu zuen, eta sei pertsona harrapatu zituen.

Gidaria (ez du polizia-aurrekaririk) Haroko polizia-etxera eraman zuten preso, epailearen esku utzi aurretik, eta homizidio delitua eta bost hilketa saiakera egotzi dizkiote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Harrapatzeak gaur Errioxa gaur