Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi emakumezko hil dituzte Jaenen eta Sevillan
Sevillako biktimaren bikotekide ohia atxilotu dute. Jaengo senarra, berriz, hilik agertu da: litekeena da emaztea tirokatzea eta jarraian bere buruaz beste egitea. Berdintasun Ministerioak krisi mahaia deitu du astelehen honetarako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bi emakumezko hil dituzte Jaenen eta Sevillan igande honetan, indarkeria matxistaren ondorioz.
Sevillan, Polizia Nazionalak gizonezko bat atxilotu du, bikotekide ohia ustez hil izana leporatuta. Dirudienez, arma zuri batekin lepoa moztu dio.
Ez dute erasotzailearen daturik eman, baina, ikerketaren iturriek zabaldu dutenez, soka bat prestatzen ari zenean atxilotu dute; antza, bere buruaz beste egiteko asmoa zuen.
Erasotzailea eta emakumea bikotekide ohiak ziren, baina egun bananduta zeuden. Beste genero-indarkeria kasu bat dela baieztatuz gero, Andaluzian hildako 14. emakumea litzateke, hirugarrena Sevillan.
Bestalde, 55 urte inguruko bikote baten gorpuak aurkitu dituzte Villanueva del Arzobispo udalerrian, Jaenen. Lehen datuen arabera, litekeena da senarrak tiroz emaztea hil izana eta jarraian bere buruaz beste egitea.
Berdintasun Ministerioak krisi mahaia deitu du astelehen honetarako. Espainiako Estatuan, 73 emakume hil ditu indarkeria matxistak, Feminicidio.net-eko datuen arabera.