Gizartea -
GERTAKARIA
Gizonezko bat atxilotu dute Lazkaon, bi eskopetekin kalean tiro egiteagatik
08:00ak aldera tiroka hasi da gizona, bi arma eskutan, Esparru elkarteko atearen kontra. Arin zauritu du barruan garbiketan ari zen langileetako bat.
EITB MEDIA
51 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizean Ertzaintzak Lazkaon, bi eskopeta hartu eta kalean tiroka aritzeagatik.
Lazkaoko Udaltzaingotik Euskadi Irratiari baieztatu diotenez, 08:00ak aldera, tiro hotsak entzun dira kalean. Antza denez, bi eskopeta hartu eta Esparru elkarte gastronomikoaren ate zein leihoetara tiroka hasi da gizona. Une horretan bi lagun zeuden elkartean, garbiketa lanetan, eta horietako batek zauri arinak izan ditu.
Erasoaren ondotik, gutxienez 17 kartutxo-zorro geratu dira lurrean eta korrika ihes egin du gizonak baina ertzainek harrapatu eta atxilotzea lortu dute. Ihesaldian zehar beste tiro batzuk ere egin ditu gizonak.
Ertzaintzak ikerketa ireki du erasoaren nondik norakoak argitzeko. Antza denez, litekeena da liskarren bat eduki izana aurrez elkarte horretan beste pertsona batzuekin.
Tolosako Polizia etxera eraman dute atxilotua izapideak egitera, epailearen esku utzi aurretik.
Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak azaldu duenez, atxilotutako Lazkaoko bizilaguna, eta ustez Esparru elkartearen lokalaren sarreraren kontra "17 eskopeta tiro egin ondoren", Iturgaitzaga kaleko etxebizitza-bloke batera joan da, 300 bat metrora, eta "han, antza denez, beste bi aldiz egin du tiro atariko atearen kontra".
Zubiarrainek esan du "gertakari tamalgarriak" "susto handia" eragin duela herritarren artean eta herriko Udaltzaingoaren jokabidea goraipatu du. Izan ere, lehen tiroak gertatu bezain laster abisu eman baitiote ertzainei.