Gizartea -
Bizkaia
Ur Partzuergoak funtsezkoa ez den ur kontsumoa mugatzeko eskatu die Busturialdeko udalei euri falta dela eta
Nahitaezkoak ez diren jardueretan kontsumoa murrizteko neurriak eskatu dizkie erakundeak, besteak beste, kaleak garbitzean, lorategiak ureztatzean edo igerilekuak betetzean. Argudiatu duenez, eskualdeak ez dauka ura biltzeko azpiegiturarik eta baliabide propioen bidez hornitzen da.
EITB Media
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ura zentzuz erabiltzeko protokoloa aktibatu du Busturialdean, eta hala, funtsezkoa ez den ur kontsumoa mugatzeko eskatu die eskualdeko 16 udalei. Hau da, ezar ditzatela murrizketak igerileku pribatuak betetzeko, lorategiak eta baratzeak ureztatzeko edota kaleak garbitzeko.
Ohar bidez azaldu duenez, azken egunotan izandako prezipitazioak gorabehera eta Zadorrako urtegia % 65ean egon arren, "eskualdeak ez dauka ura biltzeko azpiegiturarik, eta, beraz, nahitaezkoa da ibai, akuifero eta zundaketetan dagoen emaria zaintzea". Erakundearen arabera, Busturialdea hornitzen duten arroak "eskasia egoeran" daude.
Murrizketak ezartzeko deia udalerri hauei egin die Partzuergoak: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrieta. Gainera, erantzukizuna eta inplikazioa eskatu die herritar guztiei "eremu pribatuan ura arrazionaltasunez erabiltzeko eta funtsezkoak ez diren jardueretan ur kontsumoak murrizteko".
Ur Partzuergoak gogorarazi du urte hasieran hartu zuela bere gain eskualdeko hornidura eta saneamenduaren kudeaketa. Harrezkero, horren hitzetan, hainbat jarduketa egin ditu eremuko sistemak hobetzeko eta sarean ihesak konpontzeko (20 milioi eurotik gorako inbertsioak egin ditu). Dena den, eremuan dauden "hornidura beharrak eskura dagoena baino handiagoak dira".
Aurtengo egoerak, baina, ez du iazkoarekin zerikusirik —lehorte larria egon zen 2022an—; izan ere, funtsezkoa ez zen ur kontsumoaren murrizketak uztailaren erdialdean aplikatu ziren, eta abuztuan edateko ura ontzi batean garraiatu behar izan zuten Bilboko Portutik, hornidura bermatzeko. Gainera, ur zerbitzuaren presioa nabarmen murriztu zuten gauez.