Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek bikotekidea hil du Almerian seme-alabak aurrean zirela

Hain justu, 8 eta 9 urteko seme-alabek ohartarazi zituzten auzokideak, larrialdi zerbitzuei dei ziezaieten.

Agente bat, etxebizitzaren inguruan jarritako polizia hesia zaintzen. Argazkia: EFE
Agente bat, etxebizitzaren inguruan jarritako polizia hesia zaintzen.
Agente bat, etxebizitzaren inguruan jarritako polizia hesia zaintzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Almerian, 27 urteko bikotekidea hiltzea egotzita. Hiru seme-alaba adingabeak (5 hilabeteko haurtxoa eta 8 eta 9 urteko bi ume) aurrean zirela hil zuen gizonak emakumea. 

Hain justu, adin txikikoek ohartarazi zituzten auzokideak, larrialdi zerbitzuei dei ziezaieten, Espainiako Poliziak jakinarazi duenez. 

Hilketa Pescaderia auzoko etxebizitza batean jazo zen, atzo arratsaldean. Ustezko hiltzaileak labanaz eraso zion biktimari, lepoa moztuta. 

Almeriako Lurralde Komisariaren arabera, Udaltzaingoa, Espainiako Polizia eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren. Emakumea hilotz topatu zuten, eta ustezko hiltzailea atxilotu. Antza, gizonak aurre egin zien agenteei, eta "semeetako bat erabili zuen ezkutu gisa". Zorionez, umeak ez zuen minik hartu. 

Espainiako Poliziak nabarmendu duenez, ez zegoen tratu txarren salaketarik —hala izaten da hilketa matxisten % 80n—.

Beste kasu bat ikertzen ari dira Kordoban

Gainera, Guardia Zibilak gaur zabaldutakoaren arabera, bikote baten heriotza ikertzen ari dira, indarkeria matxista kasu bat izan daitekeelakoan. Emakumearen eta gizonaren gorpuak Pozoblancoko (Kordoba) etxebizitza batean aurkitu dituzte, eskopeta tiroak zituztela, antza. 

Urtea hasi zenetik, 33 emakume hil dituzte beste hainbeste gizon matxistek; 2003tik, 1.217. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak