Gizartea -

MEDIKUNTZA

EHUk zuzendutako ikerketa batek bakterio bat fluoreszente bihurtu du diagnostiko klinikorako

Bakterioaren hazkuntza ingurunean elementu metalikoak (terbioa edo gadolinioa) gehitzean, bakterioak integratu egiten ditu eta fluoreszente edo kontraste bikoitzeko agente bihurtzen da, eta hori oso erabilgarria da erresonantzia magnetikoetarako ikertzaileen arabera.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUren Magnetismoa eta Material Magnetikoak Taldeak zuzendutako ikerketa batek bakterio baten hainbat ezaugarri aldatzea lortu du, diagnostiko klinikoko etorkizun handiko agente bihurtzeko.

Gaur goizean EHUk zabaldutako informazioaren arabera, bakterioaren hazkuntza ingurunean elementu metalikoak (terbioa edo gadolinioa) gehitzean, bakterioak integratu egiten ditu eta fluoreszente edo kontraste bikoitzeko agente bihurtzen da, eta hori oso erabilgarria da erresonantzia magnetikoetarako.

"Bakterio horien berezko funtzionalitateak direla eta, esparru klinikorako oso interesgarriak dira, nanorrobot gisa erabiltzeko behar diren ezaugarri guztiak baitituzte", adierazi du Lucia Gandarias Albainak, aipatutako ikerketa taldeko ikertzaileak eta azterlan honen lehen egileak.

"Tratatu beharreko lekura eremu magnetikoen bidez eraman daitezke eta, horrez gain, lan ugarik erakutsi dute bakterio magnetotaktikoek potentziala dutela hainbat praktikatan erabiltzeko, hala nola hipertermia magnetikoan (minbiziaren aurkako terapia), farmako-eramaile gisa eta erresonantzia magnetiko bidezko irudietarako kontraste-agente gisa", gehitu du.

Aipaturiko taldeak ez ezik, Kantabriako Unibertsitateko ikerketa talde batek eta CIC biomaGUNE (Donostia), Helmholtz-Zentrum Berlin (Alemania) eta BIAM-CEA (Frantzia) erakundeek parte hartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak