Gizartea -
Zeledonen jaitsiera
Gasteizen arratsaldean hasiko dira Andre Maria Zuriaren jaiak, Gorka Ortiz de Urbinaren agurrarekin
Horrela, Ortiz de Urbinak agur esango dio Zeledoni, 21 ediziotan jaietako ikurra izan den baserritarraren papera egin ondoren. Txupizanoa Alavesek jaurtiko du, 18:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan. Freskoa espero da, eta zirimiria ere egin lezake.
EITB Media
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak gaur hasiko dira, Zeledonen jaitsierarekin, 18:00etan. Bertan, Gorka Ortiz de Urbinaren agurra izango da, 21 ediziotan jaietako ikurra izan den baserritarraren papera egin ondoren.
Jaiek tarte zabala izango dute EITBko hedabideetan. Zeledonen jaitsieraren emanaldia izango du abiapuntu. Marta Elvirak eta Pilar Ruiz de Larreak egingo dute kontakizuna, 17:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.
Bestalde, Iratxe Calvo, 11 urtekoa eta Siberiarrak kuadrillakoa, eta Amets Busto, 13 urtekoa eta Nekazariak taldekoa, Edurne eta Zeledon Txiki bihurtuko dira gaur.
Bart kontzertuak izan ziren txosnetan, Bulego, Xerula eta Malandrorenak, besteak beste. Txupizanoa, baina, gaur botako du Alavesek, arratsaldeko seietan, Andre Maria Zuriaren plazan. Freskoa espero da, eta zirimiria ere egin lezake.
Azken urteetan bezala, elastiko horiak daramatzaten 32 boluntariok plazan beira eta latak ez sartzea zainduko dute.
Esan bezala, aurtengoa jaitsierarik hunkigarriena izango da, Gorka Ortiz de Urbinak azken aldiz gorpuztuko baitu Zeledon. Hitz bereziak agindu ditu protagonistak, eta ziur berarekin batera plaza osoa hunkituko dela.
Andre Maria Zuriaren jaien hasiera izango da. 400 ekitaldi baino gehiago antolatu dira; tradizionalak, hilaren 5eko goizaldeko egunsentiko arrosarioaren prozesioa, blusa eta nesken ekitaldiak eta kontzertuak tartean.
Andre Maria Zuriaren jaietako ekitaldi erakargarrienetakoak kalejirak izaten dira, 29 kuadrilla eta 7.000 blusa eta neska biltzen baitituzte zezen-plazara joan-etorrian, nahiz eta zezenketarik ez egon.
Gaur bertan iritsiko da gehien espero den kontzertuetako bat, En Tol Sarmiento (ETS) talde arabarrarena, Foruen plazan. Musika emanaldien agertoki nagusi izango den horretan, gaurkoaren ostean, Camela (abuztuaren 5ean), Victor Manuel (abuztuaren 6an), Lagrimas de Sangre (abuztuaren 7an) eta Huntza (abuztuaren 8an) igoko dira oholtza gainera.
Halaber, Alaska on Tour, Benidorm, En Esenzia, Formula Show, Magia Negra eta Krypton taldeak arituko dira Espainia plazan, eta txosnetan, Los Chicos del Maiz, Belako eta Albany, besteak beste.
Antzoki Zaharrean, 'Un Oscar para oscar', 'Platanos cacahuetes y lo que el viento se llevo' eta 'Adictos' antzezlanak izango dira ikusgai, eta Mendizabalan, gauero, 23:00etan, su artifizialak.
Guztira, sei jaiegun izango dira aurten Gasteizko jaietan. Abuztuaren 10ean, goizaldeko ordu batean, Zeledon kanpandorrera itzuliko da, eta Gorka Ortiz de Urbinaren ordezkoa bilatzeko unea izango da, baina urtebeteko tartea izango dute gasteiztarrek horretarako.