Gizartea -
Sutea
Amatatu dute Petronorren Muskizko lantegian piztutako sutea
Behin segurtasun protokoloak aktibatuta, lantegiak berak duen suhiltzaile zerbitzuak itzali du 1. findegian piztutako sutea. Zorionez, ez da inor zauritu.
E. G. | EITB Media
Sutea piztu da goizean Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen lantegian, baina handik ordubetera itzali dute, Bizkaiko suhiltzaileek eta Petronorrek berak jakinarazi dutenez. Ez da inor zauritu.
Garrak 06:00ak aldera piztu dira 1. findegian, argitu gabeko arrazoiak tarteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren 12 bat suhiltzaile ibilgailu bertaratu dira, baina lantegiak berak duen suhiltzaile taldeak itzali du sutea, iturrion arabera.
3. mailako sute industriala izan da piztutakoa, eta segurtasun protokoloa aktibatu dute. Garrak urrunetik ikus zitezkeen goizeko lehen orduan, baina arin jardun dute suhiltzaileek eta suteak ez du ondorio larririk izan.
Bizkaiko Aldundiaren arabera, 07:20ak aldera itzali dute. Petronorrek ikerketa abiatu du sutea zerk eragin duen argitzeko.