Gizartea -
MIGRAZIOA MEDITERRANEOAN
Salaketa jarri diote Aita Mariri, "itsas segurtasun araudia urratzea" leporatuz
SMH Itsas Salbamendu Humanitariotik jakitera eman dutenez, 172 pertsona migratzaile Salernon utzi ostean egin dieten azterketaren ondoren ezarri diete salaketa, "flota zibilaren laguntza kriminalizatzeko helburu argiarekin".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak jakitera eman duenez, Aita Mari ontziaren kontrako salaketa jarri dute Italiako agintariek "itsas segurtasunerako araudia urratzea leporatuta".
EITB Mediak jakin duenez, zehazki, salaketa kapitainaren kontrakoa da, eta ahal zutena baino jende gehiago garraiatzeagatik izan daitekeela uste dute.
Gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez, gaur 172 pertsona migratzaile Salernoko portuan utzi eta gero, "portuko agintariek osasun-azterketa egin dute, eta poliziak eta itsas kostazainak igo dira ontzira, erreskatearen atestatua egitera kapitainarekin".
"Azkerketa egin ondoren, eta Erromatik etorritako aginduei jarraituz, kapitainari jakinarazi diote salaketa jarri diotela, ustez urraketa hori egiteagatik. Argi daukagu hau guztia flota zibilak Mediterraneoan ematen duen laguntza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera bat dela", adierazi dute SMHko kideek.
Abokatuak jada lanean ari direla esan dute, eta Aita Mari "abiatu eta Siziliako beste portu batera joateko baimenaren zain" dagoela, konponketa eta mantenimendu lan txikiak egiteko eta hurrengo egunetarako jana biltegiratzeko.
Gaurko lehorreratzea "prozesu nahiko azkarra" izan da. Aita Mari erreskate ontziak 294 pertsona erreskatatzen parte hartu zuen ostegunean Mediterraneoan, ResQship gobernuz kanpoko erakundeko Nadir itsasontziarekin eta Italiako kostazainekin batera, eta Salernoko portuan 172 pertsona lehorreratu dituzte gaur.
109 heldu (93 gizon eta 16 emakume) eta bakarrik zihoazen 57 adin txikiko eta senideren batekin zihoazen beste 6 erreskatatu zituzten, tartean bi haurtxo. Saharaz hegoaldeko bederatzi herrialdetakoak dira gehienak, eta ez dakite horietako 4 nongoak diren.