Gizartea -

MIGRAZIOA

Aita Mari ontzia Salernoko portura doa, Lampedusako hego-mendebaldean erreskatatutako 172 pertsonekin

Euskal erreskate ontziak larunbatean abiatu zuen bere hamargarren misioa, 2023ko bigarrena.

Aita Mariren erreskatea Mediterraneoan. Argazkia: @maydayterraneo
Aita Mariren erreskatea Mediterraneoan. Argazkia: @maydayterraneo
Aita Mari ontzia Salernoko portura doa, erreskatatutako 172 pertsonekin

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari erreskate ontziak 294 pertsonaren erreskatean parte hartu du goizaldean, ResQship gobernuz kanpoko erakundeko Nadir itsasontziarekin eta Italiako kostazainekin batera. Itsas Salbamendu Humanitarioak (SMH) ostegun honetan ohar bidez jakinarazi duenez, Salernoko portuan lehorreratuko dituzten 294 pertsona horietatik 172 Aita Mari ontzian doaz. Salernora ailegatzeko egun eta erdi nabigatu beharko dute.

Oharraren arabera, Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearen hegazkin batek zazpi txalupa prekario ikusi ditu Mediterraneoko uretan, Lampedusatik hego mendebaldera. Maltako eta Italiako koordinazio zentroei berehala jakinarazi diete, baina Maltako agintariek ez dute erantzun eta Italiak hasieran esku hartzeari uko egin dio.

Azkenik, ordea, Italiako kostazainak bertaratu dira eta Aita Marirekin eta Nadir ontziarekin batera operazioan parte hartu dute.

Guztira, 294 pertsona erreskatatu dituzte: 81 gizon, 15 emakume, bakarrik dauden 55 adingabe, 3 eta 10 urte bitarteko lau haur eta 0 eta 2 urte bitarteko bi haur. Saharaz hegoaldeko pertsonak dira (Ginea, Burkina Faso, Mali, Senegal eta Gambia, batez ere) eta, itxura guztien arabera, Tunisiatik abiatu ziren.

Lehen osasun azterketen arabera, pertsona guztiak daude arriskutik kanpo.

Aita Mari erreskate ontzia larunbatean itsasoratu zen Burrianako (Castello) portutik. Bere hamargarren misioa du, 2023ko bigarrena.

Aurten, 58.171 pertsona migratzaile iritsi dira Italiako kostaldera, Barne Ministerioaren erregistroen arabera, iazko epe berean iritsi zirenen bikoitza baino gehiago. Eta gutxienez 26.924 pertsona hil edo desagertu dira Mediterraneoan 2014tik, mundu osoan erregistratutako 56.000 biktimetatik ia erdiak, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen estatistiken arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Aita Mari Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?